Oiartzungo klima eta energiaren diagnosia eta ekintza plana osatzen ari da Udala

Proposamenak jasotzeko galdetegia prestatu du.

Energia burujabetzan aurrerapausoak ematea Oiartzungo Udalaren helburu estrategikoetako bat da eta urtarrilean ekin zion Oiartzungo Klima eta Energia Plana idazteari. Klima-aldaketaren aurrean herriak duen kalteberatasuna eta arriskuen ebaluazioa egin du, hartu beharreko neurriak identifikatu eta lehenesteko.

Tenperatura gora eta prezipitazioa behera

Azken 40 urteetako joerei erreparatuta, hobetzeko bitartekorik jarri ezean mende amaieran izango genukeen egoeraren proiekzioa egin dute. Oiartzungo batezbesteko tenperatua 4,5ºC igoko litzateke, 13ºC-tik 17,5ºC-ra. Bero bolada egunak, maiztasuna eta gau tropikalak ohikoagoak izango lirateke.

Prezipitazioa %11 murriztuko litzatekeela aurreikusi dute (5,4 mm/egunetik 4,8 mm/egunera). Urtean 22,2 euri egun gutxiago izango genituzke eta hauetan botatako kantitatea handiagoa izatea espero da.

Nekazaritza eta abeltzaintzako inpaktuari aurre egiteko gaitasun txikiagoa

Klima aldaketak oiartzuarron osasunean, herriko ekonomian (nekazaritzan eta abeltzaintzan bereziki) eta azpiegituretan eragingo lukeen inpaktua ebaluatu dute, kalteak gutxitzeko neurriak hartzeko.

Arrisku indize altuena Oiartzun ibaiko uholdeek duten arren, errekak eta inguruan uholde hauei aurre egiteko egokitzeko gaitasun handia dutela ondorioztatu dute. Aitzitik, ikerketak erakutsi du Oiartzunek lehorteek nekazaritza eta abeltzaintzan sortutako inpaktuari aurre egiteko gaitasun txikiagoa duela. Tenperatura altuek linea elektrikoetan kalteak eragiteko arrisku maila ere handitzen joango da datozen urteetan.

Proposamenak jasotzeko galdetegia

Diagnositik ateratako emaitzekin lehentasunak identifikatu ditu Udalak eta arriskuak gutxitzeko eta egoera hauetara egokitzeko datozen urteetan gauzatuko dituen ekintzak zehazten hasi da.

Herritarren proposamenak ere jaso nahi ditu horretarako. Galdetegi bat prestatu du horretarako, auzoetan eta herriko txoko ezberdinetan klima aldaketa gutxitzeko eta inpaktua txikitzeko neurriak oiartzuarrekin batera erabakitzeko.

Hilabetez egongo da zabalik proposamenak egiteko aukera (irailaren 4 bitarte). Online egin daiteke. Auzoetan buzoiak ere jarri ditu Udalak, hala nahi duten herritarrek galdetegia paperean bete eta bertan uzteko (abuztuaren 7tik aurrera):

  • Elizalde
    • Kastro taberna
    • Landetxe taberna
    • Hirubide taberna
    • Girizia elkartea
    • Ibargain elkartea
  • Altzibar
    • Albistur taberna
    • Auzo lokala
    • Eroski city
  • Arragua
    • Alhambra taberna
    • Aiako kafetegia
    • Aldeguna elkartea
  • Ugaldetxo
    • Intxixu taberna
    • Auzo lokala
  • Iturriotz
    • Gure Txoko taberna
    • Iturri Berri elkartea
    • Auzo lokala
  • Ergoien
    • Auzokalte elkartea
    • Tolare taberna
  • Gurutze
    • Toki Alai taberna
    • Bizardia elkartea
  • Karrika
    • Artaso elkartea
    • Plazako autobus markesina

Gehigarriak

Oiartzungo klima eta energiaren diagnosia eta ekintza plana osatzen ari da Udala