Irulegiko aztarnategira ibilaldia antolatu du Udalak abuztuaren 26an

Aranzadiko arkeologoek bertan egiten duten lana azalduko dute.

Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak euskararen jatorriari argia eman dio eta euskaldunak zorioneko egin gaitu. Hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena da. Euskararen jatorriari buruzko galderei erantzun eman eta, aldi berean, berriak sortu ditu. Arkeologia- eta hizkuntza-munduan ere berrikuntza esanguratsuak ekarri ditu.

Euskal ondarearen eta gure hizkuntzaren mugarri bihurtu den aztarnategira ibilaldi gidatua antolatu du Oiartzungo Udalak. Burdin Aroko herrixka, eskuaren etxea eta XV. mendeko nafar gaztelua bisitatu eta arkeologoen lana ezagutzeko aukera izango da abuztuaren 26an (larunbata da). Aranzadiko kideek emango dituzte proiektuaren eta indusketa-lanen azalpenak.

Oiartzundik autobusa

8:30ean aterako da autobusa Oiartzundik, Manuel Lekuona bibliotekako geltokitik. Ilundaingo aparkalekuan hasiko da bi ordu inguruko bisita gidatua eta bertatik oinez igoko dira Irulegi mendiko aztarnategira. 14:00ak aldera itzuliko da autobusa herrira. Hamaiketakoa, ura, mendiko arropa eta oinetako erosoak eramatea gomendatu du Udalak.

Adin-tarte guztientzat izan daiteke aproposa ibilaldia baina bidea aldapatsua da eta gailurrera igotzeko 150 eskailera daudenez, gutxienez 8 urte izatea gomendatzen da. Bisitaldia ez dago aniztasun funtzionala edota mugikortasun murriztua duten pertsona batzuentzat egokitua.

Izen-ematea udaletxean

Txangoa doan da eta udaletxean eman beharko da izena abuztuaren 18a baino lehen, telefonoz edo emailez (943 490 142, oiartzun@oiartzun.eus). Apuntatzerakoan izen-abizenak eta telefono zenbakia edo emaila eskatuko dira.

Gehigarriak

Irulegiko aztarnategira ibilaldia antolatu du Udalak abuztuaren 26an