Adierazpen instituzionala onartu zuten Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka emandako epaia gaitzetsiz.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz emandako epaiaren harira adierazpen instituzionala onartu zuten bi udal taldeek atzo egindako uztaileko ohiko udalbatzarrean.
Erabakia “kezkagarria eta larria” dela esan zuten, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari “oztopoa” jartzea delako. Joana Mendiburu alkateak irakurritako testuaren arabera, “herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak dira atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen abitu berme hori”. Euskara eta euskal hiztunak “mespretxatzen” dituela salatu zuten, euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen “desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten baitu”. Epaia “oldarraldi judizial zabalago baten parte” dela eta “hizkuntz gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario” batean kokatzen dela adierazi zuten. Horregatik herritarrei irmoki dei egin zieten azaroaren 4an “oldarraldi honen aurka eta euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde” Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Adierazpena babestu zuen EAJ-PNVk ere eta euskararen normalizazioan ez dutela “atzerapausorik” onartuko esan zuen Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak.
Gainontzeko gaietan ere adostasuna
Udal osoko bilkuran landutako gainontzeko gaiak ere aho batez onartu zituzten zinegotziek. Udalbatzaren hainbat eskumen alkateari eskuordetzea adostu zuten, udal-jarduera arindu eta azkartzeko. Aurrerantzean alkatearena izango da udalerriko hauteskunde mahaiak eratzeko edo kontratazioetan tramiteko zenbait izapide egiteko eskumena, besteak beste.
Altzibar Egoitza Berria S.L. sustatzaileak aurkeztutako “Oiartzun. Altzibar ALT 6 eremuko R-2 lursailaren Xehetasun azterketa” dokumentuari behin betirako onarpena eman zioten.
2023 aurrekontuetan egin duten 106.000 euroko kreditu gehikuntzaren berri ere eman zuen alkateak, hiru dirulaguntza eskuratu baititu Udalak. Herri bideak konpontzeko, ikasketak amaitu berri dituen pertsona bat kontratatzeko eta kiroldegian eguzki plakak jartzeko erabiliko dute.
Ekaineko dieta eta protokolo gastuak 542,37 € izan ziren eta uztailekoak 1.915,74 €.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika