Ibilbideko eta inguruko turismo eskaintzen informazioa bildu da bertan.
Arditurriko meategitik ateratako materiala Pasaiako portura eramateko sortu zen trenbide zaharra eskualdeko aisialdi eta natur-gune nagusiena da gaur egun. Oarsoaldea osoa lotzen du bide berdeak, Aiako Harritik Pasaiako badiaraino, eta gure ondarearen erakusleiho garrantzitsua ere bada. Donostiarekin ere bidegorri sarearen bidez lotuta dago. Bisitatzeko hamarnaka toki eta beste hainbeste ibilbide eta txango daude inguruan eta horiek denak ezagutzera eman eta sustatzeko tresna digital berria sortu dute Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
arditurribideberdea.eus webgune berrian jaso dute Bide Berdearen, meatzeen eta 12 km luzeko bidean aurki daitekeen turismo eskaintzaren informazioa. Lau hizkuntzetan egin dute (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa) eta bide berdea zein inguruko herriak eta interes-puntu ezberdinak bisitatzeko informazioa ematen du (Aiako Harria Parke Naturala, trenbide zaharraren aztarnak, Soinuenea herri musikaren txokoa, Luberri geologia museoa…).
Bide berdearen inguruan egin daitezkeen plan ezberdinak ere proposatzen ditu webgunean. Plana osatzeko beharrezkoa den informazio praktiko guztia ere eskuragarri dago bertan: bizikleten alokairu zerbitzua eta jatetxe eta ostatuen informazioa, besteak beste.
Bertatik erosiko dira aurrerantzean Arditurri meategia barrutik bisitatzeko sarrerak. Bide berdearen ardatzaren eta azken urteetan Karrika edo Gurutzeraino egin diren adarren mapa ere gehitu dute. Argazki eta bideoekin borobildu dute ataria. Dinamikoa izango da eta pixkanaka osatzen joango dira plan ezberdinen eta bisitatzeko tokien aukera.
Mugikorrerako aplikazioa
Webguneaz gain APP berritzaile bat ere sortu dute mugikorretarako. Bide berdea modu desberdin eta interaktiboan bisitatzeko aukera ematen du. GPSak gidatuta, ibilbidean zehar dauden interes gune ezberdinetara iritsi eta hauek ezagutzeko audiogida, argazkiak eta 360º-ko irudiak aurki daitezke bertan. Arditurriraino iristean, meategiaren eta trenbidearen XX. mendeko momentu desberdinak erakusten ditu 3D birsortze interaktiboarekin.
Hemen ere geroz eta eduki gehiago gehitzen joango dira aurrerantzean. Android gailuetan instalatu daiteke aplikazioa eta iPhonetarako ere prest egongo da laster.
Haurrekin meategia ezagutzeko jolas interaktiboa
Bidearen amaieran, meatze gunera iritsita, Arditurri modu original eta dibertigarrian ezagutzeko aukera ere eskaintzen du APP berriak. Arditurrin bertan egiteko jolasa sortu da, hango txoko eta sekretuak ezagutzeko. Misterioz beteriko mundu batean sartu eta intxixu eta basandreen laguntzaz meatzearen barruan izkutatu duten Aiako Harriaren bihotza berreskuratzeko erronka izango dute bisitariek.
Arditurri bide berdearen tresna digital honek eskualdeko sustapen turistikoa bultzatu nahi du, gure ondare historiko eta kulturala balioan jarriz eta mugikortasun jasangarria sustatuz.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika