Emakumeek meatzaritzan egindako lana ikusaraziko dute igandean, Arditurri Egunean

'Aitzindariak, ikatzaren emakumeak' erakusketa bisitatzeko aukera egongo da hilabete osoan zehar.

Igande honetan (hilak 16) ospatuko da Arditurri Eguna, hiru urteko etenaren ondoren. Meategiaz eta parketxeaz gozatzeko egitarau zabala antolatu dute Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak.

Emakumeek meatzaritzan izan duten  presentzia eta egindako lana ikusarazi eta balioan jartzeko baliatu nahi izan dute aurtengo edizioa. Meategi guztietan aritu dira emakumeak lanean, baita Arditurrin ere, baina beraien ekarpena gutxietsia izan da eta ez du aitortzarik jaso. Meatze-jardueran aritu ziren emakumeek ez zuten bizimodu erraza izan. Erronka eta oztopo askori egin behar izan zieten aurre, emakumeei tradizionalki esleitutako zereginak hausteagatik eta bereziki gizonez osatutako sektore batean aritzeagatik. Beraien lana errekonozitzeko eta genero-rol tradizionalen inguruan errotuta dauden estereotipoak eraisteko ekimenak antolatu dituzte aurtengo Arditurri Egunean.

Erakusketa eta murala

Aitzindariak, ikatzaren emakumeak erakusketa ikusteko aukera izango da igandean eta uztaila guztian zehar. Argazki eta testigantzen bidez Asturiasko meatzeetan emakumeek egindako lana jasotzen du. Emakumeek sektorean izandako presentzia eta egiten duten ekarpena dokumentatzen duen ibilbidea da. Hilabete osoan zehar egongo da erakusketa bisitatzeko aukera (17 eta 24ean izan ezik), 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara (igande eta jai egunetan goizez bakarrik).

Erakusketaz gain, meatzeetan emakumeek ere egindako lana islatzeko mural erraldoia egiteko proiektua martxan dago. Alaia Gaztelumendi artistak egingo du Arditurrin bertan. Datozen hilabeteetan joango da murala osatzen eta igandean azalduko du proiektua, 10:30ean. Aurkezpenaren ondoren murala sortzeko lehen harriak biltzeko ekimena antolatu du Abaraxka ludotekak meatze inguruan.

Ekintza ugari goizean zehar

Meategia barrutik ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte igandean. Itxita egoten den Arditurri 3 erromatar garaiko meatze galeria ikusteko aukera ere izango da. Fosilen eta  garai geologikoen gaineko paleontologia tailerra eskainiko du Luberrik eta mineralen bila ere arituko dira. Doan izango dira ekintza guztiak eta sarrerak tokian bertan hartu beharko dira.

Oidultz dultzainero taldeak, Donavera eta Arretxe trikitilariek eta Izagirre pandero jotzaileak alaituko dute giroa eta txosna ere egongo da.

Arditurri Eguneko egitaraua:

  • 10:30-14:00: Aitzindariak, ikatzaren emakumeak erakusketa
  • 10:30-14:00: Arditurriko argazki zaharren erakusketa
  • 10:30-14:00: Meategira bisita gidatuak
  • 10:30-12:00: Paleontologia tailerra
  • 10:30-11:30: Alaia Gaztelumendiren eskutik Arditurriko mural erraldoiaren aurkezpena
  • 11:00, 11:45 eta 12:00: Arditurri 3 Erromatar garaiko meatze galeriara bisita gidatuak (14 urtetik gorakoentzat)
  • 11:00-14:00: Jolasak eta tailerrak
  • 12:00: Mineralen bila irteera gidatua

Gehigarriak

Emakumeek meatzaritzan egindako lana ikusaraziko dute igandean, Arditurri Egunean