Plaza berria du Oiartzunek

Biziberritze lanak bukatuta, gune ezberdinez osatutako topaleku zabal eta atsegina egin da Landetxen.

Landetxe plaza birmoldatzeko proiektua amaitu du Oiartzungo Udalak. Erabat itxuraldatu da gunea. Espazio berriak eta atseginak sortu dira bertan herritarrak elkartzeko. Aurretik zuen egitura mantenduta, izaera guztiz eraldatu da.

Plaza biziberritzea eta erabilera handitzea izan da Udalaren helburu nagusia. Estruktura-arazoak zituen aurreko azpiegiturak. Beheko garajeetara ura sartzen zen eta lurra etengabe altxatzen zen. Gainera, herriko plaza nagusitik gertu egonda ere, apenas biltzen zen jenderik bertan. 

Arkitektura arazo hauek konpondu eta erabilera handitzeko proiektua abiatu zuen Udalak. Bertako bizilagun eta merkatariekin elkarlanean diseinatu du plaza berria, herritarrentzat erakargarria izango den espazioa sortzeko. 1.200.000 euroko inbertsioa egin du.

Aukera ezberdinak eskaintzen dituzten hiru plaza txiki

Plazaren diseinu berriak berdeguneak txertatu ditu. Zuhaixkak eta loreak landatu dira, ingurua atseginagoa egiteko. Aisialdirako eta jolaserako gune ezberdinak sortu, harmailak berritu eta eserleku gehiago jarri dira. Aparkalekuko igogailu ondoan zegoen aterpea kenduta, zabaltasuna eta argitasuna eman zaio tokiari.

Gune ezberdinak sortu ditu Udalak, plazari ahalik eta erabilera gehien emateko. Aisialdirako eta ekitaldi ezberdinak antolatzeko aukera emango dute espazio hauek: kale antzerkiak, ikuskizunak, kontzertu txikiak…

Proiektua egiterakoan arreta berezia jarri da irisgarritasunean, oiartzuar denek Landetxeko plaza berriaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Gehigarriak

Plaza berria du Oiartzunek