Oiartzungo turismo bulegoa uztailaren 1ean irekiko da

Bulegoak ateak irekiko ditu berriro udaran, oiartzuarrei eta herrira hurbiltzen diren bisitariei zerbitzua emateko.

Larunbatean irekiko ditu ateak berriz Oiartzungo turismo bulegoak. Arizmendienea etxe-museoaren sarreran kokatuta dago, Aialde kaleko 4. zenbakian, herrigune historikoan bertan eta  udaletxetik oso gertu. Uztailaren 1etik irailaren 3ra bitartean egunero irekiko da, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Informazioa eta bisita gidatuak

Hurbiltzen den bisitariak Oiartzungo eta eskualdeko baliabide turistikoak, gastronomia, kultura-ondarea eta naturari buruzko informazioa jasoko du. Zenbait jardueretan erreserbak egiteko aukera ere izango da ere: Arditurriko meategia, Tren Berdean irteerak, Doneztebe elizara bisita gidatuak etab.

Era berean, Arizmendienea bisitatu nahi dutenentzat, doako bisita gidatu zerbitzua eskainiko da etxe-museoan. Jauretxea, XVIII. eta XIX. mendeko Gipuzkoako goi-klaseko familien bizimoduaren adibide bat dugu. Etxearen lehen eta bigarren solairuetan garaiko elementuak kontserbatzen dira. Gainera, aurtengo denboraldian berrikuntza bezala, 9 maniki jarri dira etxean zehar garaiko jantziak irudikatuz; Errenteriako Jantziaren Zentroarekin elkarlanean.

Bisita gidatuak uztailaren eta abuztuaren ostiraletan, larunbatetan eta igandetan eskainiko dira. Ostiraletan 12:00etan bisita gidatuak euskaraz, gazteleraz edo frantsesez izango dira, eta larunbat eta igandeetan 10:00etan eta 12:00etan euskaraz eta 11:00etan eta 13:00etan gazteleraz. Bisita gidatu hauek aurretik erreserbatu beharko dira.

Gehigarriak

Oiartzungo turismo bulegoa uztailaren 1ean irekiko da