Energiaren erabilera jasangarriagoa lortzeko proposamenak egin dizkiote Oiartzungo ikasleek Udalari

Eskaera denak aztertu eta erantzuteko konpromisoa hartu du Udalak.

Eskolako Agenda 2030 proiektuaren bitartez, Elizalde eskolako eta Haurtzaro ikastolako HH, LH eta DBHko 750 ikaslek Oiartzunen energiaren erabilera jasangarriagoa nola egin aztertu dute ikasturte honetan. Udalerriaren egoera hobetzeko ekarpenak jasotzea izan da helburu nagusia, Oiartzungo diagnostikoa egin eta energia gutxiago erabiltzeko zer egin daitekeen hausnartzea.

Norberak har ditzakeen neurriak aztertu eta konpromisoak hartu dituzte. Ikastetxeetan eta udalerrian energia kontsumoa jaisteko zer egin daitekeen ere landu dute eta Oiartzunerako landu dituzten proposamenak aurkeztu zizkieten atzo udal ordezkariei. Pleno aretoan bildu ziren herriko ikastetxeetako ikasleak eta zinegotziak.

8 eskaera eta 10 konpromiso

Kaleko argian behar direnean bakarrik piztea, faroletan LED argian jartzea, eguzki plaken instalakuntzak egitea… Energia gutxiago erabiltzeko zortzi neurri proposatu zituzten. Agustin Lekuona hirigintza zinegotziak eskaera guztiak aztertu eta udazkenean egingo duten foroan banan bana erantzuteko konpromisoa hartu zuen. Energia trantsizioan eta burujabetzan elkarrekin lanean jarraitzera animatu zituen ikasleak, “guztion ahaleginari esker lortuko baitugu Oiartzun jasangarriagoa, ekologikoagoa eta berdeagoa”.

Udalari egindako proposamenak:

  1. Herriaren egoera eta erabilera energetikoa hobetzea. Adibidez, egun eguzkitsuetan kaleko argiak beranduago piztea.
  2. Ikastetxeetan eta kaleko faroletan LED argiak jartzea.
  3. Kaleko argiak behar direnean bakarrik piztuta egotea.
  4. Energiaren kontsumoa gutxitzeko proiektuak egitea.
  5. Ikastetxeetan belar eta natura eremuak edukitzea.
  6. Etxeetan eta herriko beste hainbat eraikinetan eguzki plakak jartzea.
  7. Faroletan mugimendu sentsoreak jartzea.
  8. Autobus publikoak auzo gutietara iristea.

Ikasleek hartutako konpromisoak:

  1. Ur beroa ahalik eta gutxien erabiltzea.
  2. Bertako edo gertuko produktuak erostea.
  3. Gelako argiak itzalita edukitzea eta eguzkiaren argia erabiltzea gaua izan arte.
  4. Ahal badut, oinez, bizikletaz edo patinetez mugituko naiz.
  5. Nire energiaren erabilera kontrolatzea, eta besteei ere hori adieraztea.
  6. Dutxan ahalik eta denbora gutxien egotea.
  7. Entxufe guztiak deskonektatzen saiatuko naiz.
  8. Garraio publikoa gehiago erabiltzea.
  9. Berogailua behar denean soilik erabiltzea.
  10. Hozkailua denbora gutxiz izango dut irekita.

Gehigarriak

Energiaren erabilera jasangarriagoa lortzeko proposamenak egin dizkiote Oiartzungo ikasleek Udalari