Gerra ostean oiartzuarrek arto-irina lortzeko egiten zituzten bidaietako pasarteak ipuin bihurtu dituzte

Bihar aurkeztuko dute, 18:30ean pleno aretoan.

Espainiako gerra amaitzean (1936-1939), Francok Gipuzkoa “provincia traidora” izendatu eta zigor gisa Gipuzkoako errotak itxiarazi zituen. Oiartzuarrek inguruko Nafarroako herrietako errotak erabili behar izan zituzten ia bost urtez arto-irina lortzeko; Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Antongoak. Gauez eta astoekin egiten zituzten joan-etorriak, ezkutuan. Ibilbide horiek eta bidaia haietako bizipenak jaso ditu ‘Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak’ ipuinak. Ibilbideen Wikiloc-eko erreferentziak eta mapak ere egin dituzte.

Gerra osteko garai zail eta gogorrean ‘mixeri gorritik atetzeko’ oiartzuar askok bizi izan zituzten gertaerak ezagutzera eman nahi dute ipuinarekin, gertatu zena ahaztu ez dadin.

Jone Ugaldebere Sarasuarena izan da etxean entzundako historia ikertu, ezagutu eta ipuin bilakatzearen ideia. Joxe Kruz Ezeiza “Kaxka” eta Iñaki Pikabea Lasaren laguntza izan du. Haiek jasoak dira ipuinean azaltzen diren kontakizunen testigantzak eta ibilbideak. Iban Apaolaza Sanchok idatzi du ipuina eta Jokin Mitxelena Erizek ilustratu. Oiartzungo 1545 argitaletxeak argitaratu du. Oiartzungo Udalak diruz lagundu du proiektua.

Ipuina ostegunean aurkeztuko dute, hilak 11, 18:30ean udaletxeko pleno aretoan eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Ostegunetik aurrera egongo da salgai Dixidun, Oiartzun Irratian, Urrats paper dendan eta www.1545.eus webgunean, 15 euroan.

Gehigarriak

Gerra ostean oiartzuarrek arto-irina lortzeko egiten zituzten bidaietako pasarteak ipuin bihurtu dituzte