Doluaren inguruko ‘Hil arte bizi’ potcasta zuzenean ostegunean Landetxen

Udalaren ‘Ostegun feministak’ programaren parte da.

Izan Inurri elkarteak egiten duen Min(BIZI) podcasta (garai bateko irratsaio moduko bat da podcasta)  zuzenean ikusteko aukera egongo da ostegunean, hilak 11, 18:30ean Landetxe kultur aretoan. ‘Hil arte bizi’ izango da saioaren izenburua eta  Oiartzunen jorratuko duten gaia dolua izango da. Oiartzungo Udalak antolatzen duen ‘Ostegun feministak’ programaren parte da eta udaleko Berdintasun Sailak eta Izan Inurri elkarteak elkarrekin  antolatu dute.

Minbiziaren inguruan oraindik dauden tabuak alde batera utzi eta gai horiek guztiak azaleratu nahi dituzte, normalizatu eta barne korapiloak askatu. Kultura erabiliz, antzerkiak, kontzertuak eta hitzaldiak antolatuz, beldurra sortzen duten gaiak errotik landuz eta ikuspegi kritiko feminista batetik eta umoretik baita. Podcast formatua egingo dute oraingo honetan. Gai ezberdinen inguruan aurretik egin dituzten beste podcastak ere ikusgai dituzte beraien Youtubeko kanalean eta ohiko plataforma digitaletan.

Doan izango da saioa eta joateko gonbidapenak eskuratu daitezke dagoeneko sarrerak.oiartzun.eus webgunean. Saioaren amaieran ikusleek galderak eginaz parte hartu ahal izango dute.

Gehigarriak

Doluaren inguruko ‘Hil arte bizi’ potcasta zuzenean ostegunean Landetxen