Oiartzungo Urmendi haur eskola doan izango da

Udalak ekarpena igoko du eta jangelako kuota bakarrik ordaindu beharko dute gurasoek.

0-3 urte bitarteko haurren heziketa doakoa izango da Oiartzunen. Urmendi haur eskolara bideratzen duen ekarpen ekonomikoa igotzea erabaki du Oiartzungo Udalak eta orain arte gurasoek ordaintzen zuten irakaskuntzari dagokion kuota beregain hartuko du.

Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk iragarri zuen Partzuergoaren bidez kudeatzen dituen haur eskolen zerbitzua doakoa izango zela baina erabaki honetatik kanpo utzi zituen udal haur eskolak. Urmendi eta EAEko beste 12 proiektu doakotasun honetatik kanpo utzi ditu Hezkuntza Sailak. Honek oiartzuarrengan sortzen duen bereizketa eta kaltea ekiditeko hartu du Udalak erabakia.

689.000 euroko ekarpena egingo du Udalak

1999an eratu zuten Urmendi Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa Udalak eta Haurtzaro Ikastolak. Urtean 1.119.000 euroko aurrekontua du proiektuak. Orain arte 579.000 euro jartzen zituen Udalak (gastu osoaren erdia), 340.000 € Eusko Jaurlaritzak eta 200.000 € familiek, irakaskuntza eta jantokiko hileroko kuotekin. Familiek ordaintzen duten irakaskuntza kuota beregain hartuta, 689.000 euroko ekarpena egingo du Udalak (110.000€ gehiago) eta zerbitzuaren %62 finantzatuko du. Udalak egingo duen esfortzu ekonomikoari esker, datorren ikasturtean jangelako kuota bakarrik ordaindu beharko dute gurasoek beraz.

2023-2024 ikasturterako izango da neurria eta Eusko Jaurlaritzarekin aurre begira irtenbideak aztertuko ditu Udalak, zerbitzua doakoa izan dadin eta udal aurrekontuan hain eragin handia izan ez dezan. Aurre matrikula formalizatzeko epea maiatzaren 8tik 19ra izango da eta bertan edukiko dute gurasoek erabaki honen inguruko informazio gehiago jasotzeko aukera. Guraso berriek ere aukera dute eta baldintza berrien inguruan informatzera azaldu daitezke.

Gehigarriak

Oiartzungo Urmendi haur eskola doan izango da