Manuel Murgia omentzeko ekitaldietan parte hartu dute udal ordezkariek

Kontxa Murgiaren semea oroitzeko ekintza sorta antolatu dute Galizian.

Otsailaren 2an bete ziren 100 urte Manuel Martinez Murgia hil zela, Kontxa Murgiaren seme zaharrena. Galiziako abertzaletasunaren aitzindaria izan zen; Academia Galegaren sortzaile eta lehenengo presidentea (gure Euskaltzaindiaren parekoa) eta Rosalia de Castro poeta ezagunaren senarra.

Mendeurrena dela eta, urte osoan zehar Murgia omentzeko eta bere ibilbidea gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu dute Galizian. Bertan izan dira Iosune Cousillas eta Olga Leibar zinegotziak. Rosalia de Castro fundazioak antolatutako poesia emanaldi galiziar-euskaldunean parte hartu zuten gainera Antton Kazabonek eta Arantza Letek, Anxo Angueira eta Xosé Estévezekin batera. Haizea Lekuona eta Edurne Saizar oiartzuarrek musikatu zuten errezitaldia.

Cousillasek oiartzuar guztien izenean eskerrak eman zizkien antolatzaileei omenaldian parte hartzeko gonbida egiteagatik. Galizia eta Euskal Herriaren lotura “handia” dela esan zuen zinegotziak, “gure kultura, hizkuntza, jatorria eta historia babestu eta hauspotzeko borrokak batzen baikaitu”. Kontxa Murgiaren jaiotetxea izan zenaren irudia agertzen den plana oparitu zien (gaur egun Manuel Lekuona biblioteka dena), bere semearen bizilekua izan zen etxean jartzeko (museoa da orain).

Gehigarriak

Manuel Murgia omentzeko ekitaldietan parte hartu dute udal ordezkariek