Bi alderdien adostasunarekin atera ziren aurrera atzoko udalbatzarreko gai guztiak.
Atzo egindako martxoko ohiko udalbatzarrean landutako gai guztietan ados egon ziren udalean ordezkaritza duten bi alderdiak.
Administrazio prozedurak berrikusteko, errazteko eta sinplifikatzeko Udalaren prozedura-eskuliburua idazteko prozesua abiaraztea erabaki zuten. Udalean dauden prozedura guztiak berrikusiko dituzte (ehundik gora dira), sinplifikatu, beharrezkoak ez diren trabak eta luzapenak saihestu eta herritarrentzat ulergarriagoa den idazkeran jaso eta beraien eskura jartzeko. Herritarrei ematen den zerbitzua hobetu, haien eskaera eta tramiteak azkarrago erantzun eta gardentasuna areagotu nahi du Udalak horrela.
Xanistebanak antolatzeko eta kirol klubentzako dirulaguntzak
Oiartzungo kirol klubak eta elkarteak diruz laguntzeko 54.000 euroko aurrekontua eta kopurua banatzeko oinarriak onartu ziren urtarrilean. Zazpi elkartek aurkeztu dituzte eskaerak eta bakoitzak lortutako puntuazioaren baitan diru partida nola banatu erabaki zuten.
Xanistebanetan kultur ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eta oinarriak ere adostu zituzten. 50.000 euro emango dituzte eta maiatzaren 1etik 31ra egongo da zabalik eskaerak egiteko epea.
Bestalde, Landetxe eraikineko kultur aretoaren erabileraren tarifak gehitzeko 2023 urteko Udal Ordenantza Fiskala aldatuko dute. Auditorio berria erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak adostu zituzten. Udalak aukera izango du petxa honen ordainketan salbuespenak onartzeko erabilera interes publikorako bada. Aldaketa jendaurrean jarriko da 30 egunez.
Trabajadorien barrakoiak berreskuratzeko proiektua
36ko Gerra bukatuta, erregimen frankistak 12.500 preso inguru erabili zituen 1936-1942 urte tartean Oiartzungo errepide ezberdinak egiteko. Gatibu, zegozkien giza-eskubide guztiak urratuz eta egoera latzetan lanera behartuz. Bizitutakoa gogora ekartzeko trabajadorien kanpalekua osatzen zuten barrakoien zati bat berreskuratu nahi dute Kattin Txikik eta Udalak. Proiektua gauzatzeko, Foru Aldundiari Udalaren jabetzakoa den eta Pikokarate herri onurako mendikoa den eremua okupatzeko baimena eskatzea adostu zuten aho batez.
Martxoko protokolo gastuak 2.359,82 euro izan dira: 958,32 € jardunaldi eta aurkezpenetan, 1.220 € bidaietan eta 181,50 € ikurrina, garaikur eta plaketan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika