Datorren urtera arte Kataxulora itzuli dira

Inoizko kuestazio jendetsuena egin zuten larunbatean.

Aurten ere ez dute hutsik egin. Ostiralean Aiako Harria utzi eta herrira jaitsi ziren Intxixu eta Basandreak. Ehundaka pertsona zituzten zain plazan. Bertan sorginekin elkartu, sua piztu eta udaletxea hartu zuten. Hiru egunez herriko bazter guztietan ibili dira.

Larunbatean ere primerako giroa izan zuten kuestazioan. Inoiz izandako jendetsuena izan zen. 1.150 lagun ibili ziren herriko zortzi auzoetan baserriz baserri eta etxez etxe dantzan. Jasotakoarekin auzoetako elkarteetan bazkaldu ondoren, herriko plazan elkartu eta Ihote Berbeneroak girotu zuen festa.

Asteburu luzearen ondoren, zibilizaziotik eskapo, Kataxulora itzuli ziren atzo Intxixu eta Basandreak. Hurrengo urtera arte!