Elkar entzuteko eta bizikidetza eraikitzen jarraitzeko elkargunea

Larunbatean inauguratu zituzten Arizmendieneako ‘Oroimenaren Txokoa’ eta ‘Oroimena Oiartzun’ webgunea.

Hamarnaka lagun gerturatu ziren larunbatean Udalak antolatutako Oiartzungo Oroimenaren Txokoaren aurkezpen ekitaldira.

2018an hasi ziren Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoak herri mailan bizikidetza sustatzeko Oiartzunen eta oiartzuarrek hamarkada luzeetan izandako Giza Eskubideen urraketen oroimena eta egia berreskuratzen. Horretarako Kattin Txiki herriko memoria Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izan dute. Azken urte hauetan hiru aitortza ekitaldi ere antolatu dituzte.

Larunbatean borobildu zuten orain arteko ibilbidea: gertatutakoaren testigantzak eta informazioa jasotzen duen webgunea eta biktima guztien aitortzara eta erreparaziorako Oroimenaren Txokoa. Giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jarri nahi dituzte horrela, gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu.

oroimenaoiartzun.eus webgunea

Gure herriaren historia zati bata ‘oraindik isilean’ dagoela esan zuen Jexux Leonet alkateak. Zenbait gertakari ‘etxeko sukaldean’ gelditu dira, ez dira aipatu, ez dira prentsan agertu, ez dira dokumentatu. Kontatzen ez dena gertatu ez dela dirudi, eta horregatik, gertaera horiek bildu eta oiartzunoroimena.eus webgunean jaso dituzte.

Webgunea irekia eta bizia da. Gertatutakoaren ahalik eta argazkirik zabalena eta osatuena ateratzea du helburu eta horregatik, oraindik aukera dago testigantza eta informazio gehiago emateko aukera.

Arizmendieneako lorategia, Oroimenaren Txoko

Erreparazio eta aitortzaren bidean herritarren elkargunea izango den Oroimenaren Txokoa inauguratu zuten Arizmendienea etxeko lorategian. Oiartzungo herriaren memoriaren gune bilakatu nahi dute, hausnarketarako eta enpatiarako txokoa, isilarazi eta ezkutatutako sufrimendu horientzako atsedengune. Gatazkaren ertz ezberdinak ikusarazi, indarkeria politikoak eragindako sufrimendua aitortu eta egiaren konplexutasuna dimentsionatzeko.

Antton Mendizabalen ‘Iragorri’ obra jarri dute bertan eta Amaia Martinek bi bertsotan jaso du txokoaren zentzua.

Bizikidetza mahaiko kideek adierazi zutenez, egia, aitortza eta erreparazioaren bidea ez da bukatu; asko da oraindik ezagutu beharrekoa, asko isildutako bizipenak eta istorioak, asko aitortu gabeko urraketak eta minak, asko erreparatu gabeko zauriak. Horregatik, bide horrek aurrera jarrai dezan herritarrekin batera pausoak emateko konpromisoa hartu zuten.