23. urtez omendu dute Kontxa Murgia.
23. urtez omendu zuten Kontxa Murgia Egaña larunbatean. 2000. urtean hasi ziren Fato Cultural Daniel Castelao eta Oiartzungo Udala Manuel Martinez Murgia, Galiziako abertzaletasunaren aitzindariaren ama omentzen.
Bibliotekako sarreran plaka bat jarri zuten orduan. Oraingoan bere baratza izan zen tokian, zimitio zaharrean, pikondoa landatu zuten Iosune Cousillas Kultura zinegotziak eta Anxo Angueirak, idazle, poeta eta Rosalia de Castro fundazioko lehendakariak, gaitero eta txistularien doinuek lagunduta.
1806ko urtarrilaren 29an jaio zen Oiartzunen, orain herriko biblioteka den etxean. Bederatzi urte zituela Tolosara joan ziren bizitzera. Aita alderdi liberalean erroldatu zen eta urte batzuk beranduago Galiziara ihes egin behar izan zuen familiarekin. Han Jose Martinez botikariarekin ezkondu zen Kontxa eta bi seme izan zituen, bat Manuel Martinez Murgia.
Martinez galiziar berpizkundeko pertsonaia handienetarikoa izan zen; historialaria, idazlea, etnografoa, galiziar abertzaletasunaren lehen teorizatzailea eta Galiziako hizkuntza-akademiako lehen lehendakaria. Rosalia de Castro poeta ezagunarekin ezkondu zen.
Rosaliak berak Galiziako etxean landatu zuen pikondo baten adaxka ekarri dute orain Oiartzunera, Kontxaren jaioterrira. Bere jaiotetxeko lorategian landatu dute. “Galizia eta Euskal Herriaren antzekotasun eta loturaren adierazle” dela “mimo handiz” zainduko dutela adierazi zuen Cousillasek.
“Manuel Murgia eta Rosalia de Castroren etxearen eta Oiartzunen arteko lotura oso garrantzitsua” dela esan zuen Anxo Angueirak, “Galizia eta Euskal Herriaren harreman estuaren isla” baita. “Gure herrien eta hizkuntzen historia, izaera, aberastasuna, askatasuna, borroka eta proiektuen lekuko” da pikondoa.
Angueirak gaineratu zuenez, aurten beteko dira ehun urte Manuel Murgia zendu zela. Urte osoan zehar bera omentzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Galizian eta hau izan da lehenengoa.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika