2050 urterako ikuspegia izango du Oiartzungo Klima eta Energia planak

Herritarrekin elkarlanean zehaztuko ditu helburu eta ekintzak Udalak.

Udalak martxan jarri du Oiartzungo Klima eta Energia plana egiteko prozesua. Epe luzeko ikuspegia izango du planak eta 2030, 2040 eta 2050 urteetarako Udalak eta herriak energia arloan bete nahi dituen helburu estrategikoak eta hauek betetzeko ekintzak jasoko ditu.

Plana mugarria izango da trantsizio energetikorako Udalak martxan duen ibilbidean, orain egindako lanari jarraipena eman eta aurrera begirako erronkak zehaztu eta lehentasunak identifikatuko baititu.

Bi fase izango ditu

Plana sortzeak urte beteko iraupena izango du. Bi fasetan egingo da.

Diagnostikoa egitea izango da lehen lana: apirila bitarte, besteak beste, Oiartzunen klima-aldaketan izan dezakeen eragina eta hau gutxitzeko ditugun aukerak aztertuko dira. Bigarrenean 2030, 2040 eta 2050 urteetarako helburu kuantitatiboak eta ekintza zehatzak adostuko dira. Hauen betetze mailaren jarraipena egiteko adierazlean ere definituko dira. 4 hilabeteko iraupena izango du bigarren fase honek.

Herritarrekin elkarlanean

Herritarrekin elkarlanean osatuko du Udalak Klima eta Energia plana. Horretarako, diagnostiko fasean eta helburu eta ekintzak zehazteko fasean parte-hartze saio ezberdinak egingo ditu: herriko enpresekin, lehenengo sektoreko eragileekin, berdintasuneko eragileekin, ikastetxeekin, 3. adinekoekin, gazteekin… Auzoz auzoko bilera irekiak ere egingo ditu. Gainera, interesa duen edozein herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia ere jarriko du Udalak bere webgunean.

Ekainean bilera orokor bat ere egingo da ekintza-plana aurkezteko eta 2024 urtera begirako lehentasunezko jarduerak proposatzeko.

Plana sortzeko garaian ez ezik, honen garapenaren jarraipena egiteko, Udalak eta herritarrek osatutako batzorde edo foto bat sortzeko aukera ere aztertuko dute, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronkari elkarlanean erantzuteko.

Gehigarriak

2050 urterako ikuspegia izango du Oiartzungo Klima eta Energia planak