Oiartzungo ikasleek energiaren diagnostikoa egingo dute Eskolako Agenda 2030aren baitan

Herriko egoera hobetzeko proposamenak egingo dizkiote Udalari.

Herriko hiru ikastetxeetako ikasleek Garapen Jasangarrirako Helburuen lanketarekin dabiltza buru-belarri. “Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea” gaia ari dira jorratzen.

Urtarriletik martxora energiaren testuingurua ezagutzeko saio teorikoak landuko dituzte ikasgelan. Oiartzungo egoera ezagutzeko saio praktikoak ere izango dituzte. Herriko diagnostikoa bertatik bertara egiteko aukera izango dute adin guztietako ikasleek. Haien adina eta ezagupen mailara egokitutako material didaktikoa erabiliz, udalerriaren egoera aztertuko dute: iturri berriztagarriak, energia kontsumoa murrizteko aukerak, mugikortasun jasangarria…

Hobetu daitezkeen puntuak identifikatu ondoren, bi ekintza burutuko dituzte. Batetik, alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei luzatzeko proposamenak sortu, eta bestetik, norberak bere eguneroko bizitzan txertatzeko konpromisoak hartu.

Modu honetan, garapen jasangarria herritar guztion ardura dela landu nahi da beraiekin.

Gehigarriak

Oiartzungo ikasleek energiaren diagnostikoa egingo dute Eskolako Agenda 2030aren baitan