Autokontsumorako 85,1 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa jarri du martxan Udalak

Energia trantsizioan aurrerapausoak ematen jarraitzen du.

Trantsizio energetikoa da Oiartzungo Udalaren ildo estrategiko garrantzitsuenetarikoa. Gaur egungo energia eredua erregai fosiletan oinarritzen da bereziki; petrolioa, ikatza eta gas naturala. Iturri hauek mugatuak izateaz gain,  kalte handiak eragiten dituzte ingurumenean.

Krisi energetiko eta klimatiko honi aurre egiteko, energia estrategia martxan jarri zuen Udalak. 2013an hasi zen energia eredu jasangarriago baten alde lanean. Bi helburu nagusi lortu nahi ditu: udal eraikin eta instalazioetan kontsumitzen den energia kopurua gutxitzea eta subiranotasun maila handitzea, erabiltzen den energiaren zati handi bat Udalak berak sortuaz instalakuntza berriztagarriekin.

Kontsumoen jarraipena

Energia eraginkortasuna handitzeko lehen pausoa elektrizitate, gas eta gasolioaren kontsumoaren jarraipena egitea izaten da. 2013an hasi zen Udalan lan honetan. Bere eraikin eta kaleko argiteriaren energia kontsumoak monitorizatu eta neurtzeko software bat instalatu zuen, jarraipen osoa modu zentralizatuan egiteko.

Kontrol honi esker, matxura edo beste arazoren bat gertatzen denean momentuan bertan jasotzen da informazioa. Energia kontsumoan aurrezteko beharrezko informazioa ere eskaintzen du, non eragin jakiteko eta aldaketa ezberdinak martxan jartzeko.

Energia efizientzia handitzeko neurri ezberdinak

Urte hauetan zehar, kaleko argiztapenean, sodiozko farolak kendu eta LEDezkoak jarri ditu Udalak eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere. Hauen kontsumoa txikiagoa izateaz gain, gaueko ordu txikietan intentsitatea jaisten dute, aurrezpena handituaz. Gainera, instalatutako softwareari esker, farolak pizteko momentua atzeratu eta itzaltzeko agindua aurreratu daiteke, kalean dagoen argitasun mailaren baitan.

Udal eraikinetan ere egin dira aldaketak. Besteak bestek, detektagailuak jarri dira argia eta berogailua inor ez dagoenean bakarrik itzaltzeko. Barruko argitasuna leihotik sartzen den argiaren baitan ere erregulatzen da, energia kontsumoa murrizteko.

Argindar kontsumoa %13 jaistea lortu du Udalak

Ekintza hauei esker, azken 4 urteetan %13 jaitsi da Udalaren argindar kontsumoa:

2018an 2.043.998 kWh-koa izan zen. 2021ean aldiz, udal instalakuntza berri gehiago dauden arren (Arizmendienea etxea, Karrikako bidegorria, Iturriotz eta Altzibarko aparkaleku berriak, Lintziringo argiteria berria, Arraguako igogailua…), kontsumoa txikiagoa izan zen: 1.787.790 kWh.

187 eguzki plaka Arrietako ur deposituan

Energia eraginkortasuna lortzeko neurri hauez gain, bere eraikinetan kontsumitutako elektrizitatea berriztagarria izateko eguzki plaken instalakuntza egin du Udalak.

85,1 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa eraiki du Arrietako ur deposituaren estalkiaren gainean. 406 metro koadroko eremuan 187 eguzki-panel jarri ditu. 86.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.

Energian ere subiranotasuna lortu nahi du Udalak

Autokontsumorako instalakuntza izango da. Bertan sortuko den energia 500 metrora dauden udal eraikin ezberdinetan erabiliko da: ur deposituan bertan, Udaletxean, Fermiñene etxean, Landetxeko eraikin berrian, aparkalekuetan, Elizalde eskolan…

Eguzki plaka hauek urtean 85.870 kWh sortuko dituztela aurreikusten da, eraikin horietan kontsumitzen den energiaren %8 inguru.

Autosufizientzia-maila handitzea lortuko du horrela Udalak. Bertan kontsumitzen den energia bertan sortzeko pauso garrantzitsua da, gaur egungo dependentzia gutxitu eta subiranotasuna handitzea ahalbidetuko baitu.

Aurrera begira instalakuntza eta inbertsio gehiago

Energia erabilera murriztu eta kontsumitutakoa berriztagarria izateko egitasmo gehiago gauzatuko ditu aurki Oiartzungo Udalak. 312.150€ bideratuko ditu 2023an proiektu hauetara.

Elorsoro kiroldegian egingo du proiektu garrantzitsuena. Gaur egun bertako energia kontsumoa neurtzen den arren, jarraipena ez dago sektorizatua.  Beraz, ezin da jakin zerk kontsumitzen duen energia gehien (argiteria orokorrak, igerilekuak, aldageletako ura berotzeko sistemak…) eta eraginkorragoak izateko neurriak hartzea zailtzen du horrek. Kiroldegiko instalakuntza guztia sektorizatu eta monitorizatuko du Udalak.

Elorsoron bertan elektrizitatea sortzeko 100 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa ere egingo du, teilatuan, eta ura berotzeko aurretik zegoen eguzki-instalazio termikoa ere aldatu egingo du.

Madalensoroko argiteria aldatu eta argiteria publikoa berritzen jarraituko da. Auto elektriko berri bat ere erosiko du Udalak. Hiru auto eta moto elektriko bat ditu gaur egun.

Energia trantsizioa, herritarrekin elkarlanean

Trantsizio energetikoa lehen mailako erronka da eta guztion artean elkarrekin lan eginda lortuko dugu energia subiranotasuna. Horregatik, herritarrek ere beraien energia ekoizteko komunitateak sortzeko laguntza ere ematen ari da Udala. Goienerren aholkularitza kontratatu du horretarako eta komunitate hau sortzeko lanean dabil, herritar bolondres talde batekin elkarlanean. Gaiaren inguruan interesa duten herritarren info@oiartzunenergia.eus helbidera idatzi dezakete.

Udala sortuko den komunitateko bide bat gehiago izango da eta bere esku dagoen laguntza guztia emateko prest dago herritarrak ere energia berriztagarria sortzeko aukera izan dezaten. Oiartzunen behar dugun energia bertan sortuta bakarrik lortuko baitugu energia arloan ere herri eta herritar burujabeak izatea.

Gehigarriak

Autokontsumorako 85,1 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa jarri du martxan Udalak