Herriko jubilatuek eskaintza zabala izango dute Landetxeko eraikin berrian

Elkarte ezberdinek elkarlanean kudeatuko dute jubilatuen egoitza.

Landetxe eraikin berriko lanak bukatzear daude. Bertan, lehenengo solairuan, 172,68 metro kuadroko eremua izango dute herriko erretiratuek. Herriko jubilatuen elkargunea izango da eta tailerrak, kultur ekintzak, hitzaldiak, formakuntza saioak… eskainiko dira bertan.

Beharrak ezagutzeko prozesua

Herriko erretiratu eta adinekoen beharrak eta nahiak ezagutzeko eta gune berriak eskaini beharreko zerbitzuak zein diren zehazteko, parte-hartze prozesu bat martxan jarri du Oiartzungo Udalak azken hilabeteetan.

Auzoz auzo egin diren 8 saioetan 101 pertsonek parte hartu dute eta guztion artean guneak izan behar dituen balioak zehaztu eta egin nahiko lituzketen ekintzak zerrendatu dituzte. Urriaren 19an aurkeztu zituzten prozesuaren emaitzak.

Elkarlanerako espazio irekia

Parte hartu dutenek nabarmendu dutenez, garrantzitsua da gunea Oiartzungo erretiratu eta adineko guztien elkargunea izatea.

Herrian asko dira adinekoekin eta erretiratuekin aritzen diren eragileak: Gazte Izanak, Duintasuna, HELTA, Petra Lekuona, Killirikupe emakume taldea, Bidelagun, Torri Gukin… Guztien artean, parte-hartze saioetan atera diren behar eta interesei erantzuteko eskaintza zabala eta irekia osatuko dute. Gainera, edozein erretiratuk izango du proposamenak egin eta ekintzak antolatzeko aukera.

Eremu ezberdinak jarduerak eta ikastaroak egiteko

Jubilatuen egoitzak egongela handi bat, tailer gela bat, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua izango ditu. Taberna izango du ondoan. Gazte Izanak elkartearen bulegoa ere bertan egongo da.

Espazio hauetan kultur ekintzak, tailerrak, solasaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, txapelketak… antolatuko dituzte urte osoan zehar. Herriko edozein jubilatuk izango du bertan parte hartzeko aukera.

Gehigarriak

Herriko jubilatuek eskaintza zabala izango dute Landetxeko eraikin berrian