Eskola Agenda 30en baitan, aurreko ikasturtean egindako eskaerak erantzun ditu Udalak

Maiatzean jasotako proposamenen jarraipena egiteko batzarra egin dute.

Eskola Agenda 2030 garapen jasangarriaren aldeko pausoak emateko proiektua da. Herriko ikastetxeetan gai bat lantzen dute ikasturtero eta bertan eta herrian hobetu daitezkeen puntuak identifikatzen dituzte. Hauen baitan, proposamen ezberdinak egiten dizkiote Udal ordezkariei.

2021/2022 ikasturtean lurreko ekosistemaren inguruko lanketa egin zuten. Maiatzean ikasleek proposamen ezberdinak egin zizkieten Udaleko ordezkari eta teknikariei, bereziki larre eta landareak zaindu eta ezagutzera emateko.

Oiartzungo Udalak proposamenak baloratzeko konpromisoa hartu zuen. Agustin Lekuona, hirigintza zinegotzia, eta Ander Santesteban, ingurumen teknikaria, Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasle ordezkariekin bildu dira gaur, egindako lanen berri emateko.

Proposamenen jarraipena

Besteak beste, herriko landare eta zuhaitzen izenak ezagutzeko ekintzak antolatzea eskatu zioten ikasleek Udalari. Horretarako, zuhaitz eguna antolatzeaz gain, urtea amaitu baino lehen bidegorrian 82 plaka jarriko dituztela zehaztu du Lekuonak. Hauetan, zuhaitz bakoitzaren izena, jatorria eta hostoaren marrazkia ikusi ahal izango dira. Arizmendieneako lorategian eta Ibargaingo parkean ere informazio kartelak jartzea baloratzen ari da Udala.

Oiartzungo parkeetan eta eskoletan jolastoki naturalagoak sortzea ere eskatu zuten ikasleek. Momentu honetan daudenak konpontzen ari direla azaldu dute Udal ordezkariek, eta berriak egiterako garaian eskaera kontuan izateko konpromisoa hartu dute.

Herriko zelaiak eta larrean zaintzeko beharra ere nabarmendu zuten maiatzean. Zentzu honetan, otea eta iratzea garbitzeko ekintzen berri eman die Udalak.

Ikasleek “eskerrak” eman dizkiete Udaletxeko ordezkariei, “maiatzean jarritako etxeko lanak egiteagatik”.

Ikasturte berriko helburua

Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea izango dute aztergai ikasturte honetan ikasleek. Garapen iraunkorreko 7. helburua da hau.

Gehigarriak

Eskola Agenda 30en baitan, aurreko ikasturtean egindako eskaerak erantzun ditu Udalak