Udal tasak eta zergak %1,5 igotzea proposatu du udalbatzarrak.
2023ko udal zergen ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion atzoko iraileko ohiko udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko botoekin. Irizpide orokor gisa, %1,5 igoko dira Oiartzungo udal tasak eta zergak datorren urtean (salbuespenak ere izango dira). Era berean, gurasobakarreko eta familia ugarientzat kiroldegi eta udalekuetan tarifa murriztuak sortzea adostu zuten.
Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, “normalean KPIaren araberako igoera aplikatzen den arren, jakitun gara egoera ekonomikoa zaila dela, soldatek eta pentsioek ez dutela KPIak izan duen igoera eduki eta herritarrek eroste ahalmena galdu dutela. Horregatik, proposatzen dugu igoera orokorra %1,5ekoa bakarrik izatea, zerbitzu publiko duinak mantentzen jarraitzeko, era berean herritarren egoera ekonomikoa kontuan hartuta”.
Gurasobakarreko familien kasurako lanketa egin dutela azaldu zuen, “beraien ezaugarri bereziak kontuan izateko. Lehen aldiz, prezio bereziak izango dituzte kiroldegian eta udalekuetan”. Familia ugariek ere tarifa murriztuak izango dituzte.
EAJ abstenitu egin zen. Janire Mitxelenak azaldu zuenez, “nahiz eta zerga igoera batzuekin ados egon, gauden egoera kontuan izanik zergak izoztea egokiagoa iruditzen zaigu, administrazioa herritarren ongizatea bermatzeko dagoelako; ziurgabetasun egoeretan esku bat bota eta hauek babesteko”.
Gainontzeko gai guztiak ahobatez onartu ziren. 2022. urteko lanpostuen zerrendan eta kontratazio mahaiko kideen izendapenean aldaketak adostu zituzten. Aurtengo ekitaldiko aurrekontuari eragiten dion kreditu gehigarrien bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedienteari ere onarpena eman zitzaion. Kreditu gehikuntza 825.766,31 eurokoa izango da eta 15 eguneko epean jendaurrean egongo da.
Abuztuan ez zen protokolo eta dieta gasturik egon. Irailean 1.154,20 eurokoa izan da, marka eta domeinuetan, lore eta eskeletan, oroigarrietan eta garraioan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika