Ugaldetxo Kultur Taldeari Udalaren jabetzakoa den auzo lokala utziko zaio.
Uztaileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Oarsoaldeko Garapen Agentziak aurkeztutako “2022 Industria Eremuak Modernizatzeko Plana” proiektua gauzatzeko SPRI, Oarsoaldeko Garapen Agentzia eta Lezo eta Oiartzungo Udalen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zen. Honen bidez, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez 1.500.000 euroko ekarpena egingo dio 2021, 2022 eta 2023 urteetan zehar Oiartzungo Udalari industriaguneak berritzeko.
Jexux Leonet alkateak positiboki baloratu zituen “2022 Industria Eremuak Modernizatzeko plana” gauzatzeko sinatutako hitzarmen hauek: “hauei esker, Eusko Jaurlaritzatik 1.500.000 euro jasoko ditugu hiru urtetan herriko poligonoak biziberritzeko. Oiartzungo poligonoak arnasgune ekonomikoa dira eskualdearentzat eta horregatik behar-beharrezkoa da hauek erakargarriak izatea eta azpiegiturak egoki mantentzea”. “Oiartzungo Udaletik finantzaketa hau lortu ahal izateko egindako lan handia” azpimarratu zuen. Herriko poligono guztiak berritzeko proiektuak martxan jarriko dira horrela. Proiektu hauen aurrekontuaren %70 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du SPRIren bitartez eta Oiartzungo Udalak %30a.
Ugaldetxo Kultur Taldearekin hitzarmena
Udalaren jabetzakoa den Rafael Pikabea kalea 56-58 baxuko lokala Ugaldetxo Kultur Taldeari uzteko hitzarmena sinatzea adostu zen ahobatez, auzoko bizitza soziokulturala sustatzeko, eta auzoko festak antolatu ahal izateko.
Lanbarren poligonoan euriteek eragindako konponketak egiteko hitzarmenaren aldaketa
Lanbarren poligonoan 2021eko euriteek eragindako lur-erorketa konpontzeko lanak gauzatu eta finantzatzeko hitzarmena onartu zen 2022ko apirilaren 27an. Bertan jaso zen Gipuzkoako Foru Aldundiak lanen %50 ordainduko duela eta beste erdia Oiartzungo Udalak et Lanbarren Parke Logistikoa S.A.k (bakoitzak %25). Oiartzungo Udalak 222.985,33 euroko gastua onartu zuen horretarako.
Orain Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du azken aldian jasandako prezio garestitzearen ondorioz, lizitatzen ari diren proiektuen prezioak berrikusi dituztela (174.036,18 euro igoko da gastua). Horretatik 43.509,09 € Udalari dagozkio eta beraz gastu gehikuntza onartu zuten, ahobatez.
Xanistebanetako egitaraua eta aurrekontua onartu dira
Xanistebanetako jai egitaraua eta aurrekontua onartu zituen atzo Oiartzungo udalbatzarrak, ahobatez. Aurten, 95.000 € inguru bideratuko dira festen programara. Ia erdia, 45.815 €, elkarteei bideratuko dira dirulaguntza bidez ekitaldiak antolatzeko.
Beste ordainketak
Kuadrillategi egitasmoa abendua bitarte Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilgunea Kultur Elkartearekin sinatua dagoen hitzarmenaren baitan ematen jarraitzea eta horretarako 12.177,83 euroko gastua adostu zen.
Oarsoaldea Garapen Agentziari aurtengo bigarren hiruhilekoagatik egin beharreko ekarpena ordaintzea ere onartu zen: 89.654,54 €.
Ibargain Musika Eskolari egin beharreko ekarpenak ere onartu ziren: ikasturte honetako azken ordainketa (29.710 €) eta datorren ikasturte hasierakoa (42.232 €).
Uztaileko protokolo gastua 154,35 € izan da harpidetza, bidalketa, diseinu eta inprenta lanetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika