Altzibarko Agerre eremuan basoa eta lehen sektorerako lurrak eskuratuko ditu Udalak

Lanbarrengo horma berreraikitzeko hitzarmen berria onartu da

Apirileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo eta adostasuna izan zen nagusi Udala osatzen duten bi alderdien artean: Gobernu Taldea den EH Bildu eta EAJ.

Lanbarren poligonoan 2021eko otsaileko euriteek eragindako lur-erorketa konpontzeko lanak gauzatu eta finantzatzeko Udalaren, Lanbarren Parke Logistikoa SA-ren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena onartu zen. Udalak eta Lanbarren Parke Logistikoa SA-k lanen erdia finantzatuko dute (bakoitzak %25) eta Aldundiak beste erdia. Guztira, 747.297,52 €ko aurrekontua du konponketa lanak.

Lur-erorketa konpontzeko lanak egiteko bigarren hitzarmena da hau. Aurreko hitzarmenaren ondorioz egindako lanengatik  Lanbarrendik Gurutzera doan bidea partzialki irekitzea lortu zen. Hala ere, uste baino egoera okerragoan aurkitu zuten eremua eta beharrezko lanek gehiegizko gastua gainditzen zuenez, hitzarmena bertan behera utzi eta berria egin da.

Agerreko basoa eskuratuko du Udalak, lur trukean

Udalaren eta Haurtzaro Ikastolaren arteko hitzarmenean aldaketa onartu zen. Udalarekin negoziatutako garbitzaileen soldata-igoera dela eta, mantenu gastu hori ere igo da ikastolan. Hori dela eta, 43.971,13 €ko ekarpena egingo dio Udalak Haurtzarori. 

Xanistebanetan ekintzak antolatzeko diru laguntzen oinarriak ere onartu ziren. 50.000 € banatuko dira antolatzaileen artean. Eragileek maiatzaren 1etik 31ra izango dute eskaea egiteko epea.

Altzibarren Udalaren eta Azpeitia Isasa SL-ren artean lur-trukea egiteko hitzarmena ere onartu zen. Honela, Udalak Agerre baserriaren inguruan 153.045,3 m2 eskuratuko ditu: horietako 31.630 Agerreko basoari dagozkionak (Aiako Harria Natura Parkeko lurrekin mugakide da) eta gainerakoa, landa lurra. ALT6 eremuan udal jabetzakoa den eremu batekin egingo da trukea. Eremu horretan babes ofizialeko zortzi etxebizitza egiteko aukera dago.

Jexux Leonet alkateak trukea Udalarentzako "oso positiboa" izango dela baloratu zuen. "Balio ekologiko handia duen Agerreko basoa bereganatuko du Udalak eta lehen sektoreko proiektuak sustatzeko aukera emango duten lurrak ere bai. Trukatuko dien udal lurrean etebizitzak egiteko aukera izango du Azpeitia Isasa SL-k, baina nahitaez babes ofizialekoak izan beharko dute":

Apirileko protokolo gastua 920,52 € izan dira bazkari eta luntxetan.

Gehigarriak

Altzibarko Agerre eremuan basoa eta lehen sektorerako lurrak eskuratuko ditu Udalak