Ahobatez onartu dira gai guztiak
Nazioarteko gaiak izan dira martxoko udalbatzarrean protagonista: Ukraina eta Mendebaldeko Sahara. Ukrainari buruzko testu bat adostu eta onartu zuten EHBilduk eta EAJk. "Errusiaren inbasioa justifikazio gabekoa" dela adierazi zuten eta "borrokak geratzeko" eskatu. Ukrainako herriari "elkartasuna" adierazi zioten eta Oiartzungo Udalaren baliabideak errefuxiatuen esku uzteko konpromisoa adierazi. "Bide diplomatikoa" aldarrikatu zuten eta Europako Batasunari "ahalegin handiagoa" eskatu zioten "bide diplomatikoan eta deseskaladan".
Ondoren, Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa onartu zuten, ahobatez. Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan izan duen jarrera aldaketaren inguruan "kezka" azaldu zuten. "Konponbide politiko justu eta iraunkorra" aldarrikatu du Oiartzungo Udalak eta Espainiak gatazka honetan dituen "lotura historiko eta afektiboengatik, modu aktiboan konponbidearen alde" jarduteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, "Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen arabera".
Olga Leibar EHBilduko zinegotziak apirilaren 7an Donostian Gipuzkoako diaspora sahararrak eta Sahararen aldeko elkarteek antolatu duten egun osoko ekimenera gonbidatu zituen gainerako zinegotziak.
Langileen soldata legeak uzten duena igoko da: %2
Udal langileen soldatak %2 igotzea onartu zen ahobatez. Espainiako eta EAEko aurrekontu legeek langile publikoentzako uzten duen gehienezkoa da. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "igoera honek ez du langile batzordearen babesik. Legez onartu dezakegun gehiengoa da, burujabetzarik ez daukagunez. KPIa askoz gehiago igo da, beraz, langile publikoek erosteko ahalmena galduko dute. Horregatik, lanean jarraituko dugu burujabetzaren inguruan".
Iruzurra eta ustelkeriaren kontrako plana onartu zuten ahobatez zinegotziek. Oiartzungo Udalak 2010etik badu hautetsientzako Kode Etikoa, baina "eguneratzeko" beharra du. Webgunean jarriko dira herritarren eskura.
Kausua eta Pikokarate mendi publikoak
Kausua mendiko eremu batean partikular bat itxitura baten bidez jabetza publikoa usurpatzen ari dela eta, espedientea martxan jartzea onartu zen, ahobatez. Partikular horri eman zaio egiten ari dena zuzentzeko epea, baina ez duenez halakorik egin, prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki du Udalak.
Oarsoaldea Garapen Agentziari 2022 urtean egin beharreko ekarpena ere onartu zen, ahobatez. Guztira, 431.664 € bideratuko dira industria, etxebizitza, turismo, euskara, gizarteratze, herri berriztapen, kontsumo... arloetako proiektuak gauzatzeko.
Pikokaraten eremu publiko bat 15 urterako emakidan uztea ere onartu zen, kanon baten truke, lehenengo sektoreko jardueretarako. Eremu horren mugakide pribatu batean dagoeneko martxan dagoen Basatxerri esplotazioak eskatu du erabilera baimena, txerriak hazteko. Udalak utziko duen eremuan ezingo du inolako eraikinik jarri eta mantenu lanak emakidadunak bere gain hartuko ditu.
Euskara arloko diru laguntzak onartu dira
Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin hitzamena ere onartu zen, ahobatez. Aurten, 105.702 € bideratuko dizkio Udalak, euskara arloko hainbat proiektu gauzatu ditzan (Kuadrillategi, Oiartzuarren Baitan, Euskaraldia, Txerri Eguna, motibazio saioak ikastetxeetan...). Iaz, COVID19a zela eta, Udalaren aldetik jasotako diru guztia ez zuen erabili eta soberakin hori itzuliko dio Ttur-Tturrek Udalari.
Oiartzun Irratia kudeatzen duen Hitz Hots Elkarteari Udalak egingo dio ekarpena ere onartu zen, ahobatez. 58.000 € bideratuko zaizkoi herriko irratiari.
Euskara arloko udal diru laguntzak emateko oinarriak eta diru-kopurua ere onartu zen: 76.140 € bideratuko dira arlo sozioekonomikoan euskararen normalizaziora, euskara ikasleei eta Udalaz gaindiko eragileei.
Martxoko protokolo gastua 243,03 € izan da otordu eta luntxetan, bidaiatan eta webguneko gastuetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika