1936tik gaur arte Oiartzunen izan diren giza eskubideen urraketen inguruko egia ezagutu eta erreparaziorako elkarlanaren baitan ekitaldiak antolatu dira hilaren 24tik 26ra
Gaurko honetan, Oiartzungo Udalak bertan ordezkaritza politikoa duten bi alderdien elkarlanetik eta kontsentsutik bultzatzen ari den gertatukoaren egia zabala berreskuratzeko bidean urrats berri baten berri eman nahi du. Oiartzungo Udalak 2020ko azaroan Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen honen baitan Oiartzunen izandako edo Oiartzungo herritarrek pairatutako Giza Eskubideen Urraketa guztiak jasotzeko lana eta ahalegina hasi da.
Gertatukoaren egia zabala berreskuratzeko abian jarritako bide honek memoria partekatu bat eraiki nahi du. Gaur egun arte izandako Giza Eskubideen urraketa guztiak begiratuz bizikidetzaren oinarri sendoak jarriz, gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu. Bestetik, eragindako biktimen sufrimenduaren eta minaren aitortza eta erreparazioan lagungarria izan nahi du.
Testuinguru honetan Tamara Muruetagoiena, Esteban Muruetagoienaren alaba, Oiartzungo Udalarekin harremanetan jarri zen bere aitaren heriotzaren 40. urteurrena zela eta. Oroimena eta egia berreskuratzeko bide horretan Udalak Esteban Muruetagoienari gertatutakoa ikertzearen, ezagutzearen eta aitortzearen beharrekin bat egin du. Eta aukera hau baliatu nahi izan du Esteban Muruteagoienari dagokion aitortza instituzionala egiteaz gain, Oiartzungo herriari zuzenduriko ekitaldi zikloa antolatzeko.
Ekitaldi zikloa antolatzerakoan, eta Tamararekin sorturiko elkarlana baliatuz, Udalak honako helburuak garatzeko aukera ikusi du: biktima guztiei trataera berdina zor diegun neurrian, oraindik aitortu gabeko biktimak ikusaraztea; Esteban Muruetagoienaren heriotzaren inguruko gertakariak kontutan harturik torturaren errealitateari ahotsa eman nahi diogu; Aranzadik testigantzak jasotzeko abiatutako lanari bultzada ere emango diogu, egia zabala ezagutzeko testigantzek duten garrantzia adieraziz; eta herriko biktimak aitortzeko jada irekitako bideari jarraipena ematea.
Helburu horiek zehaztuta, honako egitaraua prestatu dugu. Egitaraua bere osotasunean ulertzen dugu, giza eskubideen urraketen begirada zabaletik abiatuz, Esteban Muruetagoienaren kasuari bere tokia eman, hortik torturaren errealitatea sakonki begiratu eta Esteban Muruetagoienaren aitortza ekitaldiarekin bukatuz.
EGITARAUA:
Martxoak 24, osteguna, 19:00etan.
Giza eskubideen urraketen testigantzak
Tokia: Udaletxeko areto nagusian
Javi Buces, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria
Tamara Muruetagoienaren testigantza Jonathan Martinez kazetariaren laguntzarekin
Martxoak 25, ostirala, 18:00etan
Aitortu gabeko biktimak. Torturaren errealitatea
Tokia: Udaletxeko areto nagusian
Hizlariak:
- Olatz Barrenetxea, psikologo klinikoa
- Paco Etxeberria, mediku forentsea
- Laura Pego, Zuzenbidean doktorea eta IVAC/EKI-ko ikerlaria
Hirurek Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak. 1960-2014 txostenean parte hartu dute, txostenaren koordinazioan eta psikologo taldearen koordinazioan.
Moderatzailea: Olatz Retegi, antropologoa eta ikerlaria
Martxoak 26, larunbata, 13:00etan
Esteban Muruetagoiena giza eskubideen urraketen biktimari aitortza ekitaldi instituzionala
Tokia: Udaletxeko areto nagusian edo Arizmendieneako lorategian (eguraldiaren arabera)
Egitarau honekin aipatutako helburuak lortzen saiatu nahi dugu Udalean ordezkaritza dugun bi alderdi politokook eta horretarako herritarrengana iritsi nahi dugu. Beraz, herritar guztiak hitzaldi eta aitortza ekitaldia gonbidatuta daude.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika