'Geuretik sortuak': Euskal Herriko 39 udalerriren gaur egungo historia, arte bilakatuta

Guztira bost antzerki obra, 'Hamazazpigarrenean aidanez' literatur bilduma eta bost film laburrez osatutako 'Bost teilatu' pelikula atera dira proiektuaren lehen ediziotik

Pasa den ostiralean, otsailak 11, Uztaritzeko Lapurdi zentroan Udalbiltzak prentsaurrekoan Guretik sortuak ekimenaren lehen edizioak emandako fruituak aurkeztu zituen. Oiartzungo Udalaren ordezkari, han izan zen Eneritz Arbelaitz alkateordea.

Iban Garro poetaren eta Olatz Rojo musikariaren eskutik eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Proiektuan hautatua izan den idazleetako bat izan da Garro lesakarra, eta poesia lana garatu du Urepelen, musikaz lagunduta aurkeztu zuena. Uztaritzeko kultur axuanta Christian Ibarbourek sarrera-hitz batzuk esan ostean, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik esaldi motz batez deskribatu zuen proiektuak izan duen bilakaera: "Benetan, ez da erraza denon artean egin duguna". Lehen hitzak baliatu zituen proiektuaren lehen edizio honetan parte hartu duten 39 udalerriei eskerrak emateko; baita bidean zehar laguntza ekonomikoa zein bestelakoa eskaini duten eragileei ere.

Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariak azaldu zuen proiektuak 2021eko urtarriletik izandako bilakaera. "Artistentzako beka deialdia atera genuen. Izena eman zuten 73 artisten artetik 26 izan ziren hautatuak: bost zinegile, bost antzerki konpainia eta 16 idazle. Horietako bakoitza proiektu hau babesten zuten udalerrietako bati esleitu zion epaimahaiak. Artista horiek egonaldiak egin dituzte herri horietan, 2021eko maiatzetik abendua bitarte: hiru astez bertan izan dira, herriaren historia jasotzen, bertakoekin hitz egiten, ingurumarietan ibiltzen".

Fruituak dastatzeko unea

Bertaratu zirenak testuinguruan jarri ostean, ekitaldiaren muinean sartu zen Udalbiltza: Geuretik sortuak proiektuaren lehen edizio honek eman dituen fruituak aurkezten, alegia.

Literaturan, proiektuan hautatuak izan diren 16 idazleek egokitutako herrian bere pieza idatzi ostean, Dijitalidadeako editoreen laguntzaz Hamazazpigarrenean aidanez izeneko bilduman argitaratu dituzte lanak. Bi tomotan doa bilduma, eta azala Garbiñe Ubedak diseinatu du. Anjel Lertxundiren obratik eratorritako izenburua "hamasei lanek hamazazpigarren bat osatzen dutelako" jarri diote editoreek, euren hitzetan.

"Euren luma eta teklatuetatik ateratako istorioak ere, eurak bezala, askotarikoak izan dira, ez soilik mamian, baita formatuan ere: narrazioa, komikia, ipuin ilustratua eta poesia topa ditzakegu bertan", azaldu zuen Hernandok. Egun, liburuaren aurkezpen-zirkuitua egiten ari dira ekimenean parte hartu duten herri guztietan barrena; eta bertan, baina hainbat liburu-dendetan ere egongo da bilduma eskuragarri.

Izen ezagun zein hasiberriak biltzen ditu bilduma honek: Garazi Albizua; Edorta Jimenez; Maitane Perez; Maialen Akizu; Peru Calabaza; Bertol Arrieta; Danel Lauzirika; Fito Rodriguez; Iban Garro; Iñaki Martiarena Mattin; Itxaro Borda; Nahia Zubeldia; Nefer Olaizola; Sarai Robles; Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta.

Antzerkian, bost obra garatu dira Geuretik sortuak ekimenari esker. Oier Zuñiga iruindarrak Eresia lana ondu du Bergaran, Elgetan eta Antzuolan, ama galtzearen dolua ardatz; Lore More konpainia nafarrak Trapu zikinak izeneko antzezlana mamitu du Oiartzunen, antzinako herri-garbilekuetan lanean aritzen ziren emakumeen omenez; Bonbon Beltz konpainia zuberotarrak Euskal Herriko herrien eta harrien minaz hausnartu du Harriminak lanean, Oñatin; Metrokoadrokak herriz herriko kultura ikusezinaren erradiografia egingo du Bidaide lanarekin, Atarabian eta Uharten sortu ostean; eta Ttanttaka Teatroak sexuaren eta ezgaitasunaren tabu bikoitza apurtu asmoa du bere Sexberdinak obrarekin, Arrigorriagan sortua.

Azken honen lagintxo bat ikusteko aukera izan zuten aurkezpenera bertaratu zirenek, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreen eskutik. Urtarriletik martxan da antzerki obren zirkuitua; konpainia bakoitzak 27 emanaldi inguru egingo ditu Euskal Herrian zehar. Udalbiltzak agenda atala sortu du bere webgunean, hilez hil berritzen joango dena. 

Amaitzeko, zinegintzan 2021eko abenduan amaitu zituzten bost zinegileek euren film laburrak; eta horiekin Adabaki ekoizpenak film luze bat garatzen ari dira, Bost teilatu izenekoa. Filma martxoaren 31tik aurrera egongo da ikusgai jendaurrean, baina ekitaldian lan kolektibo honen aurrerapena ikusteko izan zuten primizian. Filmaren abesti nagusia izango dena, Ibil Bedi talde nafarrak egin du.

Filma osatzen duten labur hauek ere Euskal Herriko bazter ezberdinetan egin dira: Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Tafallan errodatu dute Krak; Josu Martinezek Baigorrin garatu du Hitzak laburra; Eñaut Castagnet Bera eta Lesakan izan da Muga errodatzen; Leire Egañak Galdakaon egin du Erlojupekoa; eta Raul Barrerasen Arnasa izeneko laburrak Hernani izna du eszenatoki.

Geuretik sortuak ekimenak emandako beste alorretako emaitzarekin batera, Bost teilatu filma ere proiektua sustatu duten herrietan egongo da ikusgai, apirila eta iraila bitartean egingo den zirkuituan.

Ekitaldia ixteko, agur hitz batzuk eskaini zituen Jabi Asurmendik: "Proiektu honetan bakarrik bagaude, ez da gure ateak itxita egon direlako; are gehiago, hainbat aldiz jo ditugu Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hiri Elkargoaren ateak, zuekin eta gurekin batera proiektu honen parte izan zitezen", azaldu du. "Baina zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzaren kasuan aurpegian itxi ziguten atea. Egiari zor, Nafarroako Gobernuaren eta Hiri Elkargoaren ateak bai ireki zizkiguten eta, harremanak estuagoak izan badira ere, eta proiektua oso ondo baloratu badute ere, azken momentuan, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, irekita zeuden ate horiek ixtea ere erabaki dute".

Horrexegatik, hain zuzen, izan da horren garrantzitsua ekimenean parte hartu duten 39 udalerrien laguntza eta ekarpena. Eta hauxe da, funtsean, Udalbiltzak udalerri horiei euren konpromisoarengatik egin nahi izan dien oparia: euren historia arte bilakatuta. 

Gehigarriak

'Geuretik sortuak': Euskal Herriko 39 udalerriren gaur egungo historia, arte bilakatuta