Katerin Artolak irabazitako Euskal Herriko Aurresku Txapelketako oroigarria eskaini dio herriari

Katerin Artola Telleria dantzariak hirugarren urtez segidan irabazi du Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Atzo, Patxi Epeldek egindako oroigarria OIartzungo Udalari eskaini zion dantzariak.

Iosune Cousillas Kultura zinegotziak jaso zuen oroigarria. Artola zoriondu eta haren dantza-ibilbidea gogora ekarri zuen: Haurtzaro Dantza Taldean hasi eta Lezon jarraitu du ibilbidea. Gaur egun, Pasai Donibanen dantza irakasle da.

Normalean, Euskal Herriko Aurresku Txapelketa irabazten duen dantzariaren herrian jasotzen da urtebetez garaikurra, hurrengo txapelketa arte. Baina hiru aldiz segidan irabazten badu dantzari berak, garaikurra betirako geratzen da haren herrian. Beraz, aurten Artolak eskuratutako garaikurra Oiartzunen geratu da. Hala ere, Cousillasek dantzariari itzuli zion saria, Udalaren izenean: "Zuk irabazi duzu eta uste dugu zuk jaso behar duzula". Artolak pozik eta hunkiturik berreskuratu zuen garaikurra. 

Euskal Herriko Aurresku Txapelketa bakarra egiten denetik, guztiak irabazi ditu Artolak. Aurten, hirugarren postua Mattin Etxebeste Sanzberro dantzari oiartzuarrak eskuratu du. Atzoko ekitaldian herriko dantzarien maila goraipatzeko tartea ere hartu zuen Cousillasek: Artola eta Etxebesteren aurtengo lorpenez gain, gogora ekarri zuen Izar Etxeberriak bost urtez segidan irabazi zuela Euskal Herriko Soinu Zahar Txapelketa.

Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko ordezkari, Estibalitz Iturriak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Gehigarriak

Katerin Artolak irabazitako Euskal Herriko Aurresku Txapelketako oroigarria eskaini dio herriari