Maria Josefa Sanzberro oiartzuarrari aitortza ekitaldia egingo dio Udalak
Oroimenak eta egiak bizikidetzaren bidean duten garrantziaz jabetua dago Oiartzungo Udala. Bide horretan, zenbait ekimen egin ditu legegintzaldi honetan: 1936an errepresaliatutako udalbatzarrari omenaldia; Oroimena eta egia. Bizikidetzaren bidea hitzaldi-zikloa; Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa erakusketa edota 1936tik gaur egun arte Oiartzunen izan diren giza eskubideen urraketak ikertzeko hitzarmena Aranzadirekin.
Oiartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, EH Bildu eta EAJ, kontsentsuz eta adostasunean ari dira bide hau egiten.
Orain, bizikidetzaren bidean, urrats bat gehiago eman eta oso ezaguna izan ez den gai bat argitara atera nahi du Udalak: nazien kontzentzazio eremuetara deportatu zituzten hego euskal herritarrak, horien artean, Maria Josefa Sanzberro oiartzuarra.
"Herrian gutxi dakigu gaiari buruz eta gertatutako hobeto ezagutu eta Maria Josefaren kasua zabaltzeko baliatu nahi dugu datorren astea", adierazi du Udalak.
Nazien eremuetara deportatuei buruzko erakusketa eta hitzaldia
Hilaren 8tik 13ra, La Ilusion eta Amical de Mauthausen elkarteek prestatutako Euskaldunak eta deportazioa erakusketa egongo da ikusgai.
Erakusketa irekitzeko, Etxahun Galparsoro Ansola historialariaren hitzaldia izango da. Galparsorok Bilbao en Mauthausen: Memorias de supervivencia de un deportado vasco liburua idatzi du, Marcelino Bilbao deportatuaren istorioari tiraka.
Nazien kontzentrazio eremuetara deportatutako hego euskal herritarren gaia kokatzeaz gain, Maria Josefa Sanzberro oiartzuarraren kasuaz hitz egingo du Galparsorok.
Erakusketa eta hitzaldia Arizmendieneako erabilera anitzeko aretoan izango dira (lorategitik sartuta).
Maria Josefa Sanzberrori, jaioterriaren aitortza
Maria Josefa Sanzberro Echeverria oiartzuarraren omenezko ekitaldi instituzionalarekin bukatuko da egitaraua. Sanzberro da nazien kontzentrazio eremuetara eraman zuten oiartzuar bakarra. Oiartzundik Lapurdira joan zen bizitzera eta nazien kontrako erresistentzian ibili zen. Atxilotu eta Alemaniako lau kontzentrazio eremutatik pasatu ondoren, deportatuta hil zen 1944ko azaroaren 13an.
Hain zuzen ere, haren heriotzaren 77. urteurrenaren data baliatuko du Oiartzungo Udalak "Sanzberrok bere jaioterriaren aldetik merezi duen aitortza" egiteko. Orain arte, Sanzberrok hainbat erakunderen aitortza jaso du: Freedom, Mourt por la France eta Vermeil dominak, eta Charles de Gaulle eta Dwight D. Eisenhower Frantziako eta AEBtako presidenteen eskertzak.
Ekintza hauek antolatzeko, La Ilusion eta Katin Txiki elkarteen laguntza izan du Udalak.
EGITARAUA: Ekintza guztiak Arizmendienean izango dira.
Azaroaren 8tik 13ra: Erakusketa: Euskaldunak eta deportazioa.
Azaroak 8, astelehena (19:00): Hitzaldia: Hego euskal herritarrak nazien kontzentrazio zelaietan (1940-1945). Maria Josefa Sanzberroren kasua. Hizlaria: Etxahun Galparsoro Ansola historialaria.
Azaroaren 13a, larunbata (12:00): Maria Josefa Sanzberro Echeverriaren omenezko aitortza ekitaldia.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika