Auzo Batzarrak Udala eta herritarrak elkar entzuteko ariketa probetxugarriak izan dira

Iaz baino herritar gehiagok hartu dute parte bileretan

Oiartzungo Udaleko Gobernu Taldeak aurtengo auzo batzarren balorazioa egin du: "Sentsazio ona" du Udalak. "Auzo batzarrak garrantzitsuak dira Udala eta herritarrak maila berdinean jartzen garelako eta elkar entzuteko ariketa direlako".

Aurten 109 herritarrek hartu dute parte Auzo Batzarretan (iaz baino gehiagok). Parte-hartzaileen %53a emakumeak izan dira. "Pozgarria da ikustea berdintzen ari dela gizonen eta emakumeen parte-hartzea; adin-tarte gaztegoetan ohitura batzuk aldatzen ari direla nabari da".

Herritarrek Auzo Batzarriak "probetxugarriak" izan direla baloratu dutelako ere, "gustura" dago Udala. "Herritarren parte-hartzerako tresna dira Auzo Batzarrak".

Ikuspegi orokorraren eta auzoaren arteko oreka

Udalaren eta herriaren egoerari buruzko informazio orokorra eta 2022ko aurrekontuen proposamena aurkeztu dituzte udal ordezkariek auzo guztietan. Jexux Leonet alkatearen iritziz, "garrantzitsua da auzotarrek herriaren ikuspegi orokorra izatea. Aurreko urtea ezin dugu ahaztu, baina mezuak ikuspegi positibotik eman nahi izan ditugu".

Auzo denetan izan da tartea auzoari buruz aritzeko, eta horri eskaini zaio bileren zati handiena. "Ekarpen asko jaso ditugu. Helburua auzotarrak eroso sentitzea da, hitz egin dezaten, eta konfiantza giroa sortu dela uste dugu".

Udalaren iritziz, "auzoaren inguruan modu kolektiboan pentsatzeko ariketa" dira Auzo Batzarrak. "Auzo Batzarrek Udalean buruan ditugun proiektuei leihoak irekitzeko ere balio dute: kontrasterako espazio aproposa dira eta auzotarren kezkak eta lehentasunak dimentsionatzeko baliagarriak dira".

Aurten ere, auzo guztietan aipatu dira bizikidetza oztopatzen duten araozak: txakur kakak ez jasotzea, hondakinak lurrera botatzea, ibilgailuen abiadura bizia, mugikortasun neurriak ez errespetatzea... Bizikidetzako neurriak errespetatzea ez da hain zaila eta auzoko bizimodua hobetzen dute: norberaren jarreren inguruan hausnartu eta hobetzea proposatu nahi du Udalak.

Auzotarren ekarpenak jasota, "nola bideratu daitezkeen baloratzen" ari da Udala.

Akta guztiak, herritarren eskura

Epe motzean hasiko diren zenbait proiektu aurkeztu ditu Udalak auzoetan: Altzibarko berrurbanizazioa eta frontoiaren kokalekua; Iturriozko aparkalekua; Gurutzeko bidegorria...

Udalak epe ertainera begira eta ikuspegi orokorrarekin egiten du lan. Horregatik, auzoen arteko oreka bermatzea da Udalaren egitekoetako bat: "Zoritxarrez, ez dugu urtero guztiak egiteko baliabiderik, horregatik, auzo batzuetan gehiago egiten da urte batean eta besteetan, hurrengoan".

"Arantza" gisa, Auzo Batzarretan 30 urtez beheitikoen parte-hartzea ttikia izan dela aipatu du Udalak, "gazteak nola aktibatu asmatu behar dugu".

Auzo bakoitzeko akta eta aurkezpenetarako erabilitako materiala eskura daude hemen.

Gehigarriak

Auzo Batzarrak Udala eta herritarrak elkar entzuteko ariketa probetxugarriak izan dira