Udalak eta Udalbiltzak hitzarmena sinatu dute Geuretik Sortuak Oiartzunen ere gauzatzeko

Euskal sortzaileen egonaldiak eta sorkuntza lanak sustatuko dira

Oiartzungo Udalak (Jexux Leonet alkateak ordezkatua) eta Udalbiltzak (Jabi Asurmendi lehendakariak ordezkatua) Geuretik sortuak egitasmo kulturala aurrera atera ahal izateko hitzarmena sinatu dute. Disziplina artistiko ezberdinetako euskal sortzaileei (antzerkigintza, literatura eta ikus-entzunezkoak) egonaldi artistikoen bidez sorkuntzan laguntzea da egitasmoaren helburua.

Oiartzungo Udalaren eta Udalbiltzaren arteko hitzarmenari esker, Oiartzunen egonaldi artistikoa egingo du konpainia batek eta 2022ko urtarriletik iraila bitartean, gure herrian ikusi ahal izango ditugu Geuretik sortuak-en baitan sortuko diren bost antzezlanak, ikus-entzunezkoen film bateratua eta literatur lanekin osatuko den liburu aurkezpena.

Oiartzungo Udalak 24.874 €ko ekarpena egingo dio egitasmoari (aurten %60a eta datorren urtean, gainerakoa) eta egonaldiko egoitza eskainiko die sortzaileei (Karrikako Iturburu etxean).

Loremore konpainiaren 'Trapu zikinak', Oiartzunen

Udalbiltzak lehiaketa publiko bidez aukeratu ditu Geuretik sortuak egitasmoan parte hartuko duten 26 proiektu artistikoak (beste hainbeste herritan garatuko dira). Horien artean, Oiartzunen egonaldia egiteko Iruñeko Loremore konpainia hautatu da.

Loremore konpainiak Trapu zikinak amtzerki sorkuntza kolektiboa onduko du gurean. Hiru asteko egonaldia (abuztuaren bukaeran hasita) egingo dute konpainia osatzen duten lau kideek (Maialen Diez Urriza, Mikele Urroz Zabalza, Ione Irazabal eta Lucia Ezker).

Labaderoa izango da proiektuaren erdigunea, "non emakumeek etxeko arropak garbitzen zituzten. Omenaldia egin nahi diegu topaleku ere baziren espazio horiei, garbitzearen ekintzaren inguruan harilkatutako istorioen bidez".

Gehigarriak

Udalak eta Udalbiltzak hitzarmena sinatu dute Geuretik Sortuak Oiartzunen ere gauzatzeko