Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aranzadi Zientzi Elkartearen laguntzarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrarekin elkarlanean antolatu du
Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa antolatu dute Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrarekin elkarlanean. Memoria berreskuratu eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala ahalbidetzeko Udalak azken urtean antolatutako hitzaldi zikloaren baitan eta Aranzadirekin sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da erakusketa.
Erakusketaren helburua da gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera ematea eta azaltzea, baita hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa, garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten dituena, Oiartzunen izango da ikusgai gaurtik aurrera.
Udaletxeko pleno aretoan jarri dute erakusketa eta uztailaren 18a arte irekita egongo da, Oiartzungo Udaleko, Aldundiko eta Aranzadiko ordezkariekin atzo egindako inaugurazioaren ondoren. Bertan izan ziren, besteak beste, Jexux Leonet alkatea eta Ion Gambra, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria. Baita ere Javi Buces, erakusketako komisarioa eta Aranzadiko ikerlaria, eta Juantxo Agirre Aranzadiko kidea ere. Leonetek nabarmendu zuenez, Oiartzunen gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzea ezinbestekoa da bizikidetzaren bidean.
Foru diputatuak jakinarazi zuen, gainera, Burgoseko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlaren artean "izendatzaile komun" bat badago, "epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia" da. "Gizarte-mobilizazioa arrakasta izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion", azaldu du.
"Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea"
Jexux Leonet alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariei erakusketa hau posible egiteagatik. Martxoan Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea hitzaldi zikloa antolatu zen hain justu ere Aranzadirekin abiatutako ikerketaren garrantziaz jabetzeko eta herrian gertatutakoaren dimentsioa edukitzeko. Erakusketa honek aukera emango digu Burgoseko Prozesuaren testuingurua eta hurbileko historian izandako eragina ezagutzeko.
"Garrantzitsua da gertatutakoa ikertzea eta ezagutzea, gure herritarrek bizitutakoak ezagutzea, giza eskubideen urraketak azaleratzea, hori izango baita bizikidetza eraikitzeko oinarria", gaineratu zuen Leonet alkateak.
Epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. 1970eko abenduaren 3tik 9ra, Meliton Manzanasen heriotzan parte hartzea leporatuta, ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, Giza Eskubideen ikuspegitik. Hain zuzen ere, "marra gorri" bat espreski jarri da mostran, zeinak bi urte lehenago Jose Luis Pardines Arcay guardia zibila hil zeneko "inflexio-puntua" islatzen duen, bai eta Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Meliton Manzanasen aurkako atentatu hilgarria ere. Hilketa haiekin batera, diktadurak errepresioa nabarmen gogortu zuen; Pardines ETAko kideek hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten bi guardia zibilek Bentaundin (Tolosa).
Bederatzi heriotza-zigor eta 549 urteko kartzela zigorrak
Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan egin zuten gerra-kontseilu hura, gerora Burgoseko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ondoren (abenduaren 28an eta 29an), polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen-egoera dekretatu zuen, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.
Abenduaren 28an, fiskaltzak estatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta 29an lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeengandik, zigortuen indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean konmutatu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark.
Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgoseko Prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrengoan, giza eskubideen urraketak eta frankiskoam eragindako errepresioa azalduko da; hirugarrenean, berriz, epaiketak gertatutakoa kontatuko da. Gainera, 1970 urtea hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgoseko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Perez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika