Oiartzungo akta zaharrak: Oiartzungo populazio eta biztanleriara hurbilketa (II)

II. Errege-armada

Gipuzkoak Errege Ogasunean laguntzeko betebeharra zuen, bereziki lurraldearen defentsarekin zerikusia zuten gastuetan. Gastu hauek giza-baliabideetan, Gipuzkoako edo erreinuko mugak defendatzeko bidaltzen ziren soldadutan edo dirutan izan zitezkeen, armagizonei mantenua ordaintzeko sosak emanez.

Oiartzunen kasuan, 18-60 urte bitarteko gizonek Hondarribiko gotorlekura joateko betebeharra zuten, sei hilabetez. Orokorrean, 8-16 soldadu bidaltzen zen (garai lasaietan, behintzat). Gizon horien inguruko hainbat errolda aurki daitezke udal aktetan, baina ez dira luzeak eta ez dute informazio sakona ematen. Soldadu hauek Hondarribian egitera behartuta zeuden egonaldiko gastuak gainerako herritarrek ordaindu behar zituzten. Dirua zor zuten pertsonen zerrendak aurki daitezke, beti ere 18-60 urte bitarteko gizonen betebeharra zela kontuan hartuz.

Noiz edo noiz benetan luzeak diren erroldak daude, 1709ko abendukoa, esaterako. Auzune bakoitzeko biztanleei, eta kasu batzuetan, morroiei -izenik eman gabe-, ordaintzeko egokitu zitzaien adierazten da. Hala, Elizaldeko 172 gizon; Altzibarko 63; Ergoiengo 131; egungo Karrika den Bidasorogarrika auzuneko 87 gizon eta Iturriozko 153 azaltzen dira. Erroldaren bukaeran bi zerrenda txiki ageri dira, adin tarteen inguruko informazioa ematen dutenak: lehenengoan, hasierako zerrendan dauden baina 60 urtetik gora zituzten pertsonen izenak daude; bigarrenean, 18 urtetik behera zituztenak. Izan ere, bi adin-talde horietako gizonak ordaintzetik salbuetsita zeuden. 

Aurrekoaren antzera, 1734 urtean diru-ekarpena egin behar zuten gizonezkoen errolda dago, baina kasu honetan bost kategoria edo multzotan banatuta: ezkondutako auzoak, ezkongabeko auzoak, ezkondutako biztanleak, ezkongabeak eta adinekoak. 

Bi dokumentu horiei esker, auzoz auzo eta etxez etxe bizi ziren gizonen kopuruaren eta emakume ezkonduen inguruko irudia egin dezakegu (zenbat auzo, zenbat biztanle, adin jakin batetik gorakoak). 

AURREKOAK:

Alardeak (I)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Oiartzungo populazio eta biztanleriara hurbilketa (II)