Lore-More antzerki konpainiak egingo du egonaldia gure herrian
Arizmendi-eneako lorategian Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren aurkezpena izan da gaur. Zita honek helburu bikoitza izan du: batetik, proiektuan parte hartuko duten 26 artistek eta eurak jasoko dituzten udalerrietako ordezkariek elkar ezagutzea eta, bestetik, egonaldi artistikoen garaiari hasiera sinbolikoa ematea.
Duelte hilabete eman zen aditzera kultur proiektu honen lehen edizioan parte hartuko duten artista eta udalerrien zerrenda. Idazle, zinegile eta antzerki konpainiak biltzen ditu zerrenda honek eta helburua, euren sorterretik kanpo hiru astera bitarteko egonaldia eginez, obra bat sortzea izango da: 16 ipuin, 5 film labur eta 5 antzezlan. Obra guztiek egonaldia egingo duten herriaren errealitatea islatuko dute modu batera edo bestera; beti ere, artisten sormen gaitasuna eta proposamen artistikoak errespetatuz.
Oiartzungo alkate Jexux Leonetek egin die harrera bertaratutakoei. Gero, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta Geuretik Sortuak proiektuaren arduradun politiko Koro Etxeberriak hartu dute hitza. Proiektuaren inguruko zertzeladak bota eta orain arte emandako pausoak zehaztu dituzte. "COVIDaren krisiaren kudeaketak argi utzi du kulturaren lekua bigarren plano batean dagoela instituzio batzuentzat; gizartearen borondate eta desirak, aldiz, lehen planora ekarri du ezinbestean, eta behar horri erantzun bat eman behar zitzaiola ikusi genuen. Erantzun hori herri bezala egin behar zela ikusi genuen hasieratik elkarrekin, elkarlanean, Euskal Herriko sortzaileak eta herriak saretuz eta bat eginez", azaldu du Asurmendik.
Etxeberriak, bestetik, artistentzako deialdian horrenbeste proposamen jaso izana azpimarratu du, euskal kulturak duen indarra lehen lerrora ekarriz: "Argi gelditu zaigu eta berretsi egin dugu euskal kulturak dituen kemena eta kalitatea benetan handiak direla: 73 proiektu proposamen jaso ditugu zinegintza, literatura eta antzerkitik. 28 film labur, 24 antzezlan eta 21 literatur proiektu denera. Benetan, gure zorionik beroenak denei".
Artisten eta udalerrien zerrenda aipatu ondoren, orain arte eman gabeko bi albiste partekatuz eman diote Asurmendik eta Etxeberriak bukaera euren hitzartzeari. Izan ere, Udalbiltzak dagoeneko erabaki du zeinekin eta nola argitaratuko duen ipuin-bilduma eta film laburrez osatutako film luzea. Lehena Udalbiltzaren izenean argitaratuko da, beti ere edizio, diseinu, argitaratze eta banaketa lanak kudeatuko dituen profesional talde baten laguntzaz. Argitalpen horrek lizentzia irekia edukiko du, eta edizio fisikoan salgai egoteaz gain, Udalbiltzaren webgunean egongo da deskargagarri. Zinegintzari dagokionez, film laburrak koordinatu eta horiekin film luze bat egingo due ekoiztetxea Adabaki Ekoizpenak izango da.
Protagonisten ahotik
Gueuretik Sortuak proiektuan paper protagonista dutenek ere hartu dute hitza. Lehenik eta behin, artistak eta euren proposamenak jasoko dituzten udalerrien artean, Berako alkate Aitor Elexpuruk. Proiektuan herri bezala parte hartzeak dakartzan erronkez eta onurez jardun du, baita, euren kasuan, ardura eta emaitza Lesakarekin batera partekatzearen inguruan. Izan ere, Bera eta Lesaka ez dira bakarrak proiektu honetan elkarrekin parte hartuko dutenak: hala daude ere Bergara eta Antzuola; Araitz, Betelu eta Larraun; Ondarroa eta Berriatua; Atarrabia eta Uharte; Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Andosilla edota Lighi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre.
Proiektuan lekua izango duten hiru arte diziplinetatik ordezkari banak ere hitz egin du: literaturaren kasuan, Itxaro Borda idazleak; zinegintzan, Raul Barreras zinegileak eta antzerkigintzaren kasuan, Metrokoadroka Sormen Laborategiko Idoia Beratarbidek.
Ekitaldia bukatutakoan, bertaratu diren gonbidatuek argazkia atera dute Arizmendi-enea eraikin historikoko balkoira begira. Hautatuak izan diren 26 artistetatik 21 izan dira bertan: Ttittika Rekalde (antzerkigilea); Yolanda Arrieta (idazlea); Edorta Jimenez (idazlea); Itxaro Borda (idazlea); Fito Rodriguez (idazlea); Iñaki Martiarena (komikigilea); Raul Barreras (zinegilea); Peru Calabaza (idazlea); Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Maite Aizpurua, Idoia Hernandez eta Oier Guillan (antzerkigileak); Bertol Arrieta (idazlea); Maitane Perez (idazlea); Oier Zuñiga (antzerkigilea); Maialen Akizu (idazlea); Josu Martinez (zinegilea); Garazi Albizua (idazlea); Sarai Robles (idazlea); Iban Garro (idazlea); Ugaitz Agirre (idazlea); Eñaut Castagnet, Katti Pochelu eta Graxi Irigarai (zinegilea eta ekoizleak); Erika Olaizola (antzerkigilea) eta, Eñaut Tolosa eta Leire Egaña (ekoizlea eta zinegilea).
Udalerrietatik ere ordezkaritza zabala izan da: Jexux Leonet eta Eneritz Arbelaitz (Oiartzungo alkatea eta alkateordea); Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia); Xabat Laborde eta Beatriz Unzue (Villabonako Kultur zinegotzia eta alkatea); Aitor Elexpuru (Berako alkatea); Celia Rubio eta Maite Ibarra (Arrigorriagako Euskara zinegotzia eta alkatea); German Meabebasterretxea (Oñatiko Kultur saileko arduraduna); Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea); Beñat Larrañaga (Usurbilgo alkateordea); Jon Arriola (Berriatuako alkatea); Betti Bidart (Baigorriko ordezkaria); Joxe Manuel Zubillaga (Araizko alkatea); Iñaki Ostolaza, Marina Bidasoro eta Miriam Romanet (Zumaiako alkatea, Kultur zinegotzia eta Kultura teknikaria); Eztitxu Mujika (Zaldibiako alkatea); Iñigo Gaztelu (Larrabetzuko alkatea); Gorka Artola (Bergarako alkatea); Paolo Albanese eta Javi Martinez (Sartagudako eta Mendabiako zinegotziak); Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea) eta, Edurne Espilla eta Iñigo Hernando (Galdakaoko Euskara zinegotzia eta alkatea).
Proiektuan ezinbesteko laguntza eskaini duten zenbait entitatetako ordezkariak ere izan dira, hala nola, Errigorako Peru Aranburu eta, Hamaika Telebistako Ekhiñe Atorrasagasti eta Iñaki Uria. Zuberoako Zazpiak Bat elkartekoak bertaratu ezin izan badute ere, eskertu nahi zaie proiektuan jarri duten esfortzua.
Udalbiltzako lehendakariaren hitzek laburbildu dute momentua: "Argazki hau ere herri honen kontakizunaren parte izatera igaroko da; Euskal Herri osoko sortzaile eta hautetsiak euskarazko kulturari eta sormenari bultzada handia emateko Geuretik Sortuak izeneko teilatupean elkartu zirenekoa".
Oiartzunen Lore-more konpainia nafarrak egingo du egonaldia
Euskarazko kultur sorkuntzak sustatzeko eta Euskal Herriko herrien artean sormen-sarea sortu asmoz, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuan parte hartuko du Oiartzunek ere. Gure herrian Lore-more antzerki konpainia nafarrak egingo du egonaldi artistikoa.
Sortzaile oiartzuarrek ere izango dute euren proiektuak aurrera ateratzeko aukera Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan: Metrokoadroka Sormen Laborategiak eta Ttittika Rekaltek Bon Bon Noir konpainiarekin, antzerkiaren esparruko bi proiektu garatuko dituzte. Atarrabia-Uharten eta Oñatin egingo dituzte sormen egonaldiak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika