Eskola Agenda 2030eko ikasturte bukaerako batzarrean elkartu dira ikasleak eta udal ordezkariak

Basoak aztertu dituzte ikasturtean zehar

Eskola Agenda 2030en baitan, basoen gaia landu dute ikasturtean zehar Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasleek. Ohikoa dutenez, ikasturteari bukaera emateko udaletxera etorri dira ikasle ordezkariak eta, Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziarekin eta Ander Santesteban Ingurumen teknikariarekin elkartu dira.

Gaurko batzarrean, ikasturtean zehar egindako ekintzak, ikasleek hartu dituzten konpromisoak eta herrirako hobekuntzak proposatu dituzte hiru ikastetxeetako ordezkariek.

Egindako lanak eta hartutako konpromisoak

Ikasturtean zehar Eskola Agenda 2030en baitan egindako lanen berri eman dute ikasleek: sentsibilizazio ekintzak, Basoak ernatzen programaren baitan Gurutzen sagarrondoak aldatu eta herriko basoen egoera aztertzeko irteerak egin dituzte (Urkabera, Txarara...), besteak  beste. 

Herriko basoen diagnostikoa egin dute ikasleek eta konpromiso zehatzak hartu dituzte: ingurunea ezagutzeko ekintzak antolatzen jarraitzea; ikastetxeetan elementu naturalak integratzea; sentsibilizazio kanpainak antolatzea; Elizalde Herri Eskolan 50/50 programa bultzatzea energia aurrezteko edota ikastetxeetan aire libreko ekintza gehiago egitea.

Proposamenak eta eskaerak Udalari

Ohikoa duten moduan, ikaseleek Udalari ere egin dizkiote zenbait proposamen eta eskaera, herriko basoen eta ingurumenaren inguruan. Hauek izan dira: berdeguneetan eta parkeetan zabor pilaketaren kontrako neurriak hartzea (auzolanak, isunen berri ematea..:); bertako zuhaitzak landatzen jarraitzea eremu publiko eta pribatuetan; herrigunean berdegune gehiago sortzea; bidegorriko zuhaitzei buruzko informazio-seinaleak berritu eta parkeetan ere jartzea; familientzako baratza komunitarioak sortzea eta Haurtzaro Ikastolako konpost makina konpontzea.

Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotzi eta alkateordeak ikasleei "eskerrak" eman dizkie "egindako lanarengatik eta hartutako konpromisoengatik". Arbelaitzek esan dienez, "ingurunean hobekuntzak egiteko norbanakook, ikastetxeek eta udalok hartu behar ditugu konpromisoak, pauso ttikiek eragin handia izaten baitute". Ikasleek hartutako konpromisoak eta egindako proposamenak "Udalaren ildoekin bat" egiten dutela ere adierazi du.

2021/2022 ikasturte hasieran elkartuko dira berriz Eskola Agenda 2030eko ikasle eta udal ordezkariak eta orduan, egindako eskaerak banan-banan erantzungo dizkie Udalak, sakon aztertuta.

Datorren ikasturtean zein gai landuko duten ere aurreratu dute gaurko saioan ikasleek: larreak eta zelaiak izango dituzte aztergai.

Gehigarriak

Eskola Agenda 2030eko ikasturte bukaerako batzarrean elkartu dira ikasleak eta udal ordezkariak