Iaz 2019an baino etxejabe gehiago hurbildu ziren Etxebizitza Bulegora

Etxebizitza ASAP programaren bidez alokatzea erabakitzen duten etxejabeak gero eta gehiago dira Oiartzunen, eta berri pozgarria da hori Udalarentzat. Izan ere, alokairu duina herrian dagoen etxebizitza arazoaren konponbideetako bat izateko helburuarekin jarri zituen martxan programa eta Etxebizitza Bulegoa Udalak 2018an, Eusko Jaurlaritzako Etxebiderekin egindako hitzarmenaren bidez. Momentu honetan, Oiartzungo 13 etxebizitza daude programan eta beste bi alokatzeko prest (ASAPen webgunean ikusgai).

ASAP programaren helburua etxebizitza hutsak laokairu duinean merkaturatzea da. Alokairuaren prezioa Etxebidek jartzen du etxearen baldintzen arabera, eta Oiartzunen, gehienez ere 650 € ordainduko du maizterrak.

Oarsoaldea Garapen Agentziak bideratzen ditu informazioa eta tramiteak Etxebizitza Bulegoaren bidez, bai etxejabe zein maizterrentzat.

ASAP programak etxejabeari aseguru hirukoitza eskaintzen dio eta Oiartzungo Udalaren dirulaguntzak (berrikuntzak egiteko eta lehenengo urtean, alokairua osatzeko).

Maizterrei, berriz, Etxebiden izena emateko tramitea egiten laguntzeaz gain, Oiartzunen alokairura aterako diren etxebizitzei buruzko lehentasunezko informazioa ematen die.

Programa ezagutzeko gonbita etxejabeei

Oiartzungo Udalak gure herrian etxebizitza hutsak dituzten jabeei ASAP programa ezagutzeko gonbita egin nahi die. Programaren onurak agerikoak dira bai beraintzat (diru-sarrera ziurtatua, etxebizitzaren mantenua bermatzea...) eta herriarentzat ere (etxe huts gutxiago, gazteentzako independentizatzeko aukerak...).

ETXEBIZITZA BULEGOA:

Ordutegia (hitzordua hartzeko): Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Helbidea: Astigarragako bidea, 2. Mamut merkatalguneko bulegoak, 2. solairua (Oarsoaldea Garapen Agentzia).

Telefonoa: 943 49 41 29

E-maila: etxebizitza@oiartzun.eus

Gehigarriak

Iaz 2019an baino etxejabe gehiago hurbildu ziren Etxebizitza Bulegora