Martxoaren 17an eta 30ean izango dira udaletxeko areto nagusian eta streaming bidez
2020ko azaroan Oiartzungo Udalak Aranzadirekin egindako hitzarmenaren berri eman zuen, Udaleko alderdi guztien kontsetsuz hartutako erabakiaren bidez. Etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko iraganari begiratu behar diogula jabetzen gara. Giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jarri behar dira gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu.
Hitzarmenaren bidez Aranzadi 1936tik gaur egun arte Oiartzunen izandako giza eskubideen urraketak ikertzen ari da. Bide horretan ezinbestekoa da oroimenak eta egiak duten garrantziaz jabetzea eta horretarako herritarrentzako hitzaldi zikloa antolatu du Oiartzungo Udalak.
Martxoaren 17an (asteazkena), Genero ikuspegia egia berreskuratzeko mekanismoetan: Latinoamerika, Afrika eta Euskal Herria hitzaldia izango da eta, Bertha Gaztelumendi Caballerok eta Irantzu Mendia Azkuek hartuko dute parte. Gaztelumendi kazetaria, errealizadorea eta Gizare Eskubideen eta Botere Publikoen UPV/EHUko UNESCO Katedran ikertzailea da. Mendia Garapenari buruzko ikasketetan doktorea da eta EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakaslea.
Martxoaren 30ean (asteartea), Egia berreskuratzeko eskubidearen bilakaera eta erronkak hitzaldia izango da. Bertan Jon Miren Landak eta Carlos Marin Beristainek hartuko dute parte. Lehena jurista eta zuzenbide penalean katedraduna da eta gaur egun Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko UNESCO Katedrako zuzendaria. Bigarrena, Latinoamerikan giza eskubideen urraketetan eta biktimen akonpainamendu psikosozialean aditua da.
Hitzaldiak Aitziber Blanco Goikoetxeak gidatuko ditu. Hitzaldiak udaletxeko pleno aretoan izango dira 18:30ean eta aforoa mugatua denez, izena emateko ekarpenak@oiartzun.eus helbidera idatzi beharko da edo 943 49 18 62 telefonora deitu lekua hartzeko. Hala ere, bertaratzeko aukerarik ez dutenek Oiartzungo Udaleko youtube kanalean zuzenean ikusi ahal izango dituzte hitzaldiak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika