Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (V)

ETXERATZE AGINDUAK edo KERA DEIAK: HISTORIAREN ILDOAK ERREPIKATUZ V

Morroi eta gazteak, errudun nagusiak baina ez bakarrak

Kera-deiaren oinarrian tabernak zeuden. Leku horiek bi aldeko txanpona ziren: alde batetik, tabernari, ostalari eta bentarien ardura zegoen; bestetik, bezeroen erantzukizuna. Hirugarrenik, etxeratze-aginduetan gizarte-taldeek zuten garrantzia.

Agintariek argi zuten gobernatzen zailagoa zen gizarte-azienda zeinek osatzen zuen: morroiak, soldatapeko gazteak eta nerabeak, bai mutilak eta bai neskak. Antzin Erreginemeko Oiartzungo agiriek mozo hitza darabilte. Horrek esan nahi du gizonezko gazteak zirela, nerabeak bereziki. Horiei, gurasoen ardurapean zeuden semeak gehitu behar dizkiegu, beraiekin batera aipatzen baitituzte.

Aurreko garaietan heldutasuna edo helduen mundura orain baino askoz azkarrago ailegatzen ziren gazteak, eta horri alkohola, okoa, gaua, taberna, jai giroa batzen badiegu, agintarien kezka nabari da. Are gehiago garai hartako gizartean indarkeria, ohorearen defentsa eta armak soinean eramatea barneratuak zeudenean.

Soldatapeko morroien aipuak 1660 eta 1661ean ikus badaitezke ere ("no den naypez a los que asisten en sus casas después de anocheçido ni den a los criados que estuuieren a soldada"), hurrengo urteetan isiltasuna da nagusi; ez dira 1676ko abenduaren 31 arte azalduko berriz. Orduko hartan jokoa galarazteko agindu orokorra zabaldu zen, ostalariei 20:00etatik aurrera naipeak banatzea debekatuz. Alabaina, ondoren xedapen zehatz bat zegoen, mutil eta soldatapeko morroiei naipeak inoiz ez emateko adieraziz: "que los taberneros ni mesoneros no den en ningún tiempo naipes a mozos y criados que están a soldada".

Argi dago talde honek agintariak kezkatzen zituela, ordutegi goiztiarrago bat izateak ondo islatzen duen moduan. Baina beraiez aparte Bailarako gobernuan kezka sortzen zuten adibidez, neska gazteek. Beraiei propio zuzendutako etxeratze-aginduak 1698-1701 epean dokumentatu daitezke. Abemaria garaian joan behar zuten etxera, edo 1698ko abenduan zioten moduan: "que de noches, después de las Abemarías, asta el tiempo de la queda, se retiren también las mozas a sus casas". Handik urte gutxira, 1701eko abenduan, aldiz, agindu bera neska-mutilei zabaldu zitzaien: "Que de noches, después de las Abemarías hasta el tiempo de la queda, se retiren también los mozos y mozas a sus casas". Antza denez, neskek morroiek baino muga handiagoak zituzten. 

Neskei agindua modu zuzenean lehenengo aldiz eman zitzaienean, 1698ko abenduaren 31n, gazte edo nerabeen kasuaz harago, beste errealitate sozial bat geratu zen agerian. Egun hartako aginduak, ordutik aurrera ohiko bihurtuko zenak, kera-deiaren ondotik etxera joateko betebeharra morroiei eta gurasoekin bizi ziren mutilei ematen bazitzaien ere, horretan ezkondutako gizonek eta agureek izan zezaketen eragina agerian uzten zen. Hala, azken horiei mutilekin tratua izatea debekatzen zitzaien: "que los hombres casados y ancianos de noche en tauerna ni en otras partes no tomen conseruasión de juego ni otro con los mozos ni de los que están a soldada so la misma pena y ocho días de cárcel".

Adin guztietakoak ziren komunitate oiartzuarraren partei, bai egunerokoan baina baita egun seinalatuetan ere. Jai nagusienak gerturatzean, mozorrotzeko ohiturak zorigaizto, haserre, zarata, liskar eta etsaitasunei leku egiten zien. Traza larria hartu zuten 1682ko San Joan, San Martzial eta San Pedro jaiek, hildako eta guzti. Hori dela eta, urte horretako irailean, etorkizuneko arazoak ekidite aldera hartu ziren neurrien artean, kera-deiaren ondoren (21:00etatik aurrera), dantzak eta txistularien jardunak galarazi ziren.

Testuinguru edo gertakari jakin batzuek ere eragina izan zuten etxeratze-aginduen arautzean. Horietako bat lapurretak izan ziren. Kera-deia Bailarakoen segurtasuna mantentzeko luzatzen zen, baina baita lapurretak saihesteko ere. Hala, 1695 urte bukaeran Elizgibel aldeko elizako atea zulatu izanaren ondorioz, etxeratze agindua jo ondoren bertatik ibiltzea debekatu zen.

Beste esparru batek gerrarekin zerikusia du. Aro Berria gerraz betetako garaia izan zen, Bailaran soldaduen presentzia behin baino gehiagotan izan zen. Bestetik, Frantzia eta Espainiako Koroen arteko harreman politikoek bateko zein besteko seme-alaben ezkontzak ekarri zituen eta errege-segizioa Bailaratik pasa zen, Luis I.ren alargun Luisa Elisabet Orleansekoa 1725ean Frantziara itzultzean, adibidez.

Soldaduen egonaldiak ez zeuden oso ondo ikusiak, ez beraien portaerarengatik, ezta herrietako gobernuburu, auzo eta biztanleei zekarzkieketen ondorio eta esfortzu ekonomiko handiarengatik ere. Beraz, 1726ko abuztuan Iruñeatik zetozen bost konpainia Bailaran koartelaratu behar zirela jakiteak, neurri bat ekarri zuen: etxeratze-agindu edo kera-deiaren ondoren Elizaldeko plazan oihukartzen eta soldaduak aztoratzen aritzea galarazi zuten: "que ninguna persona de cualquiera calidad y condición sea, no ande después de la queda en esta plaza relinchandi ni dando escándalo a los soldados ni a otro alguno"

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Tabernak itxita, edari eramangarriak, etxeratze-aginduaren ordutei aldaketa edo gazteengan begirada jartzea. Guretzako berriak direnak eta batzuen aburuz orain arte ikusi gabekoak, duela hainbat mende eguneroko kontua ziren. Oiartzungo agiriek argi utzi dute hori. Gertakariak kokatzeko orduan Historian murgiltzea beti da interesgarria. 

Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian (I)

Tabernak, jo-puntuan (II)

Ordutegi aldaketa (III)

Eramateko edaria (IV)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (V)