Material birziklatua biltzeko laguntza eskatu dute
Martxoan zehar, bidegorriko komunetako paretetan (Altzibar), Oiartzungo Udalaren babesarekin eta Abaraxka ludotekaren laguntzaz Alaiart-ek diseinatutako mosaiko-mural bat gauzako da material birziklatua erabiliz. Proiektuaren bitarteaz herriaren parte-hartzea, eguneroko materialen berrerabilpena, naturaren zaintza, estereotipoen apurketa eta sormena sustatuko dira. Zaindu ditzagun gure bazterrak lelopean, aipaturiko baloreetan murgilduko gara proiektuaren lehen urratsetik azkenera arte.
Hori dela eta, proiektuaren parte izateko, herritarrei materiala biltzen laguntzeko eskatu nahi zaie. Martxoaren 19rako beharko den materiala ondorengoa da: azulejo zaharrak, plastikozko ontzien tapak eta txapak, errekako harri borobilduek ere balio dezakete. Bilketa herriko ikastetxeetan eta Abaraxka ludotekan egingo da.
Bestetik, murala burutzeak hilabete inguruko iraupena izango duenez (martxoko lehen astetatik Aste Santu bukaera arte) sormen prozesua bisitatzeko aukera ere izango da. Euria egiten ez duenetan, printzipioz, goizero ariko da data horietan Alaiart murala osatzen eta bisitak jasotzeko prest. Gainera, Aste Santuan zehar Abaraxka ludotekak 7-12 urte bitarteko haurrentzat Arte Mural lantegiak antolatuko ditu haiek ere prozesuan parte hartu dezaten. Lantegirako, arropa zaharra ekartzea gomendatzen da.
Azkenik, sustatzaileek adierazi dute pandemia garai hauetan bereziki garrantzitsua iruditzen zaiela herria koloreztatzea, naturaren zaintza sustatzea eta herriari zabalik egongo den ekintza sortzaile bat eskaintzea. Oiartzun herri eredugarri izateko bidean prozesuaren dokumentazioa egingo da, landuko diren baloreak zabaldu daitezen. Hortaz, lantegietan parte hartzen duten haurren guraso edo tutoreek nahi izanez gero grabaketarako baimena sinatu beharko dute eta Abaraxka ludotekan entregatu.
Izen-ematearen berri aurrerago emango da.
HARREMANETARAKO KONTAKTUAK:
Proiektuaren inguruan informazioa jasotzeko:
E-mail: info.alaiart@gmail.com
Lantegien inguruan informazioa jasotzeko:
E-mail: abaraxka.oiartzun@gmail.com
Telefonoa: 645 005 496
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika