Oiartzungo akta zaharretako istorio eta bitxikeriak dibulgatuko ditu Udalak

XVI.-XVIII. mendeetako Oiartzun hobeto ezagutzeko aukera izango dugu

Oiartzungo udal artxiboko akta zaharretako (XVI., XVII. eta XVIII. mendeak) bitxikeriak eta istorioak zabaltzeko lan dibulgatiboari ekingo dio Udaleko Artxiboak datozen hilabeteetan, berriz ere. 

Iago Irixoa historialariak aukeratuko ditu gaiak eta landuko ditu. Guztira, bost izango dira.

Prestatu duen lehenengoa, etxeratze aginduari buruzko izan da. Gaur egun bizitzen ari garen egoera bereziaren antzekoa bizitu izan baitute aurretik ere Oiartzungo herritarrek. Maiz esaten da historia errepikatu egiten dela... eta zerbaitengatik izango da!

ETXERATZE AGINDUAK edo KERA DEIAK: HISTORIAREN ILDOAK ERREPIKATUZ

"Anitz alditan entzun izan dugu Historia errepikatzen diren prozesu eta gertakarien bilduma dela, edota bere ezagutzak aurretik egindako akatsak ez errepikatzeko aukera ematen digula. Modu honetan, aspaldiko agirietan zehar buelta txikia ematea interesgarria izaten da, egun bizi ditugun egoerak, edo antzekoak, beste garai batzuetan eman zirela ikusteko parada ematen baitigu.

Hiru urte eta erdi besterik ez dira gobernu onerako autoen inguruan hitz egin genuela, elkarbizitza hobe baterako indarrean zeuden tokiak tokiko xedapenei buruz, hain zuzen ere. Orduko hartan kera-dei edo etxeratze-aginduak ere aipatu genituen, horiek bitxikeriatzat joz, zeharo deigarria eta arrotza egin baitzitzaigun. Gaur egun, aldiz, bitxikeria izaera hori zeharo zaharkitua geratu da eta kera-deia gure egunerokoaren zati bihurtu da. Egoera hau profitatuz, duela hiruzpalau mende emandako egoeran sakondu nahi izan dugu, gaurkoarekin zenbait parekotasun topa baitaitezke.

Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian

Antzin Erregimeneko Oiartzunen, Gipuzkoan bezala, udal-hauteskundeak urtero egiten ziren. Udalbatza berriak bere jarduna Gobernu Onerako Auto delakoekin hasten zuen. Hauteskundeak Eguberrien ondorengo egunean egiten ziren, abenduaren 26an, eta ondoren, gobernu berriaren lehenengo batzarrak, Gabon Zahar egunez edo Urte Berri aldera, auto horiek adosten zituzten.

Halako xedapenek araudi bat osatzen zuten. Ez ziren erregeak berretsitako ordenantza-multzo zabal bat, baina behin-behinean azaltzen ziren arazoei, edo egunerokotasunak agerian utzitakoei erantzuna emateko modu aproposa ziren. Hainbatetan, herria arautzen zuten ordenantzen bildumak uzten zituzten hutsuneen betelana egin zuten. XVII. menderako herriko bizitza arautzeko oso ohiko tresna bihurtu ziren. Xedapen-multzo labur edo luzeagoak osatuz, gobernu onerako autoetan azaldutakoak urtetik urtera errepikatzen ziren kontuak ziren lerrorik nagusienetan, tarteka marteka aldaketaren bat sartuz edo berriak txertatuz. Jorratutako gaiak aniztasun handia izan zezaketen, baina funtsean ideia bera zen: komunitatearen bizikidetza lasaia, ordena publikoa eta jokamolde aproposak bermatzea. Arauetako hainbatek ohitura duin eta portaera onen aldeko neurriak bilatzen zituzten, erlijio, ohore edo pertsonaren aurkako delituak ekiditeko asmoz, eta horretarako zenbait portaera kontrolatu, bideratu edo zuzendu nahi izan ziren.

Udalbatza berriak plazaratutako agindu hauek lehenengo akta liburuetatik ditugu, 1658tik. Aurreko urteetan halakorik plazaratu zen edo ez, ez dakigu, baina bizitza arautzeko garaian Oiartzunek bazuela aurrekari nabarmenik aitortu behar dugu: 1501eko ordenantzak, hain zuzen ere. Arau-bilduma luze eta zehatz horretako zenbait gai gobernu onerako autoetan azalduko dira, beren horretan edo aldaketa batzuekin.

Orain bezala, orduko hartan talde izaera sustatzeko edo herritarren arteko loturak areagotzeko gune bat taberna eta ostatuek osatzen zuten. Hortaz, gizartearen portaera zuzenak bermatzeko udalbatzak aditzera ematen zituen arau horietan, tabernak interes eta kezka gai ziren. Horien inguruan adostutako arauren artean, 2020tik hona horren barneratua dagoen kera-dei edo etxeratze-agindua dugu. Ideia bat izateko, har dezagun 1713ko urtarrileko testu bat:

"Bailara honetako auzo eta biztanleak, eta bereziki morroi-lanetan eta gurasoen ardurapean daudenak, sagardoa eta pattarra saltzen diren taberna, ostatu eta lekuetatik beraien etxetara bil daitezela, hau da, udan gaueko bederatzitarako eta neguan zortzitarako, beloiko bi dukaten (...) eta zortzi eguneko kartzelaldian zigorpean, horretarako, kera-kanpaia ohikoa den moduan joko delarik"

Aldeak alde, 1713ko adibide horrek eta gaur bizi dugun egoerak antzekotasun handiak dituzte. Hasteko, erakundeek bi garaietan tabernak begiz jota zituztelako.

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharretako istorio eta bitxikeriak dibulgatuko ditu Udalak