2021eko tasa eta zergen hobari eta salbuespenak eskatzeko epea irekita dago

Otsailaren 28a izango da eskaerak egiteko epemuga

Udalaren tasetan eta zergetan hobariak eta salbuespenak eskatzeko epea irekita dago, otsailaren 28a arte.

Eskaerak udaletxeko erregistroan edo on-line egin daitezke. Datarekin erne ibiltzeko eskatu nahi die Udalak onuradun izan daitezkeen herritarrei. Epea pasata egindako eskaerak 2022an aplikatuko dira.

Hobariak emango diren tasa, zerga eta zerbitzuak

Ondasun Higiezinen zergan hobaria eskatzeko aukera izango dute familia ugariek (%50-90), BOE etxebizitzek lehen hiru urteetan (%50) eta eguzki energiaren aprobetxamendu termiko-elektrikoak dituztenek, bost urtez (%50).

Jarduera Ekonomikoen Zergan hobaria izango dute industria jarduera gune jendetsuetatik industrialdeetara eramaten dutenek (%3), enplegua sustatzeagatik (%20) eta langileentzako garraio plana ezartzen duten enpresek (%50).

Trakzio mekanikoko Ibilgailuen zergan hobaria izango dute 30 urte baino gehiagoko ibilgailu historikoek (%90); ibilgailu elektriko eta hibridoek (%25); eta familia ugariek (%90).

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan hobaria eskatu dezakete interes bereziko edo udal onurako eraikuntza, instalazio eta obrak direnek (%95 arte); ASAP programaren barruan dauden etxebizitzek (%95); eguzki energiaren aprobetxamendu termiko-elektrikoak dituztenek (%95) eta, irisgarritasuna eta bizigarritasuna errazten duten eraikuntza eta instalazio obrek (%90).

Hiri-lurren balio-gehikuntzaren zergan hobaria emango da senitartekoen eskualdaketei, heriotza dela (%90).

Hondakinen tasan ere hobariak ematen ditu Udalak: autokonposta egiten dutenei (%20); aportazio guneak erabiltzen dituztenei (%10); arrandegiei eta hondakinak gestore pribatu bidez kudeatzen dutenei (%50); eta animalia-jatorriko azpiproduktuak egoki kudeatu eta organokorik sortzen ez dutenei (%20).

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoetan ere hobariak izango dira (%98,5 arte).

Salbuespenak

Salbuespenak, berriz, kasu hauek betetzen dituzten herritarrek eskatu ditzakete: ibilgailuen gaineko zergan, nekazaritza ibilgailuentzako eta mugikortasun mugatua duten pertsonek.

Ur hornidura eta estolderiaren tasan zein hondakinenean, gutxieneko soldata baino diru-sarrera ttikiagoak dituztenek ere salbuespena jasoko dute.

Gainkargua, etxebizitza hutsei

Etxebizitza hutsen kontrako politika gauzatzeko asmoz, Udalak ohiko bizileku ez diren etxebizitzei %75eko garinkargua ezartzen die Ondagun Higiezenin zergan. 

Etxebizitza horien jabeek ere epe honetan eskatu beharko dute gainkargua ez aplikatzeko eskaera, ohiko bizileku direla frogatuz.

Gehigarriak

2021eko tasa eta zergen hobari eta salbuespenak eskatzeko epea irekita dago