Kartzela eta sorgin-ehiza hizpidera datorren astean, emakumeenganako indarkeriaren adierazle

Emakumeenganako indarkeria instituzionalean jarri da aurten fokua azaroaren 25aren bueltan

Emakumeenganako indarkeriaren aurpegi ezberdinak argitara ateratzeko, zenbait gai planteatu eta horien inguruan hausnarketa sustatu nahi du Udalak azaroaren 25aren bueltan (Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna), indarkeria matxista ezberdinei aurre egin asmoz. 

Aurten, indarkeria instituzionalean jarri du fokua Udalak. Horrekin lotuta, datorren asten bi ekimen izango dira, bi indarkeria mota ezberdini buruz aritzeko.

Kartzela eta sorgin-ehiza, hizpide

Lehenengo ekimena mahai-inguru bat izango da, datorren asteartean (hilak 24, udaletxeko areto nagusian, 18:30ean). Kartzelari kritika feminismotik. Itsutu eta mutututako errealitateak mahai-inguruan bi feminista eta preso ohik hartuko dute parte: Ekhiñe Eizagirrek eta Katia Reimbergek. La mochila invisible dokumentala ikusteko aukera ere emango zaie bertaratzen direnei: kartzelan preso egondako hiru emakumeri buruzko dokumentala da, behin kalera atera ondoren aurkitzen dituzten zailtasun eta estigmatizazio hirukoitzari buruzkoa (generoarengatik, jatorriarengatik eta kartzelatik pasatu izanagatik).

Hurrengo saioa ostegunean (hilak 26, udaletxeko areto nagusian, 18:30ean) izango da. Kasu honetan, Amaia Nausia Pimoulier historialariak Sorginak existitu al ziren? galderatik abiatuta, Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan izan zen sorgin ehiza izango du hizpide.

Emakumeengako indarkeriak aurpegi ezberdinak ditu. Historian zehar eman da eta gaur egungo gizartea eta indarkeria matxista ulertzeko ezinbestekoa da atzera begiratzea ere.

'Florecica' ikusteko aukera, bihar arte

Gaur eta bihar oraindik Josefina Lambertori buruzko Florecica dokumentala ikusteko aukera dute oiartzuarrek, 36ko Gerrak eta ondorengo errepresioak emakumeengan eragin zuen indarkeriaren adierazle nabarmena.

Bide batez, hilaren 25ean Oiartzungo Feministen Asanbladak antolatu duen elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak (Doneztebe plazan, 19:00etan).