Xabier Leteren omenez ekimen sorta izango da herrian haren heriotzaren 10. urteurrenaren harira

Udalak eta eragileek antolatu dutena aurkeztu dute gaur

Xabier Lete poeta eta kantari oiartzuarraren heriotzaren 10. urteurrena beteko da abenduaren 4an, eta haren  memoria omentzeko eta egin zuen lanaren transmisioa bultzatzeko, Oiartzunen ekimen sorta antolatu da.

Udalak Leteren omenez zenbait ekimen antolatzeko asmoa bazuen, eta herriko eragileek ere bai, bereaz, indarrak batzea erabaki da. Gaurkoan, Xabier Leteren bueltan herrian antolatu diren ekintza guztiak biltzen dituen egitaraua aurkeztu nahi dugu eta oiartzuarrak Lete gogoratzera, gozatzera eta (gehiago) ezagutzera gonbidatu. 

Udalak, Ondare Mahaiak, Hitzen Lihoak eta Azmarrinek antolatu dituzte ekintzak eta bertako ordezkariek aurkeztu dute egitaraua, Arantxa Lete, Xabierren arrebaren laguntzarekin.

Udalak antolatuta: Mugarri aurkezpena, ikus-entzunezkoak eta ekitaldi instituzionala

Udalak antolatu dituen ekimenen artean, Mugarri liburuaren aurkezpena izango da lehenengoa (gaur zortzi). Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik osatu duten lanak Xabier Leteren alde ezezagunenetako bat argitara ekartzea izan du helburu: haren kazetaritza eta prosako lanak. Xanistebanetako kultur ekitaldia izan ohi da Mugarri aurkezteko gunea, baina aurten, osasun larrialdi egoerarengatik abuztuan halakorik ez da izan. Udalak Mugarriri merezi duen protagonismoa eta garrantzia eman asmoz, liburu-aurkezpena antolatu du Ondarearen Jardunaldien baitan. Egileek eta Idoia Beratarbide ilustratzaileak hartuko dute parte ekitaldi honetan.

Liburu aurkezpenera joateko aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 49 41 25 telefonora deituta.

Xabier Leteri buruzko ikus-entzunezkoak ikusteko aukera ere izango da hiru egunez. Leteren kontzertuak eta hari egindako bi elkarrizketa dira ikusgai jarriko direnak, Mikel Mendizabalen artxibotik hartuak.

Udalak ekitaldi instituzional xume bat ere egingo du Xabier Leteren omenez.

'Loreak eta zauriak', Oiartzunen

Loreak eta zauriak ikuskizuna ikusteko aukera ere izango da egitarau honen barruan. Joserra Senperenak, Beñat Gaztelumendik, Quico Pugèsek eta Xabi San Sebastianek osatu duten emanaldiak disziplina artistiko ezberdinak uztartuz Xabier Lete omenduko du. Leteren melodiek eta kantuek presentzia berezia izango dute emanaldian, eta Oiartzungo emanaldia berezian Antton Valverdek eta Oihana Lekuonak ere parte hartuko dute.

Datorren astetik aurrera, ikuskizun honetarako sarrerak Urrats paper-dendan egongo dira salgai, 10 €ren truke.

Haurrentzako ekimenak, transmisioa ardatz

Transmisio-lana ere garrantzitsua da Udalarentzat. Eta transmisioa belaunaldi gazteenekin egin ezean, ez du iraungo. Izan garena ezagutzea ezinbestekoa denez garena ulertzeko eta izan nahi duguna erabakitzeko, herriko haurrentzako ekintzak ere badaude egitarauaren baitan.

Batetik, Antton Kazabon idazleak idatzi duen Xabier Lete ttiki liburua aurkeztuko die egileak berak Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako LH 2. mailako ikasleei (hau ere Ondarearen Jardunaldien baitan).

Bestetik, Xabier Lete XXXIII. Prosa eta Poesia Lehiaketako sari banaketa ere izango da. Duela bi urte, herriko haur eta gaztetxoen artean literaturzaletasuna sustatzeko lehiaketaren sari-banaketaren data aldatu zen, Leteren heriotzaren urteurrenarekin (abenduak 4) bat egiteko, eta iaztik, lehiaketak haren izena darama.

Herriko eragileek ere, Xabier Leteri keinu

Udalak antolatutako ekimenez gain, herriko eragileek ere keinu egin nahi diote Xabier Lete izan zenari. Horren adibide ditugu Azmarrinek eta Hitzen Lihoak antolatu dituzten ekimenak.

Azmarrinek Xabier Leteren oihartzuna mahai-ingurua antolatu du. Alex Gurrutxagak eta Ainhoa Urienek, Xabier Leteren ikertzaileek, parte hartukod ute saio honetan,  Goiatz Labandibarrek gidatuta. Gurrutxagak eta Urienek Leteri buruzko liburu bana argitaratu dute aurten: Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria Gurrutxagak eta Poesia zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan Urienek. 

Bestetik, Hitzen Lihoak Xabier Leten barrena ibilbide biografikoa antolatu du. Xabier Leteren biografian esanguratsuak izan ziren herriko espazioak bisitatuko dira kantu, bertso eta azalepenez osatuta. Leterekin harreman berezia izan zuten lagunek parte hartuko dute.

COVID19arengatik bizi dugun osasun-larrialdi egoera dela eta, unean uneko irizpideak errespetatuko dira ekintza guztietan.

EGITARAUA:

Azaroak 20, ostirala:

- Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile Mugarri aurkezpena (udaletxeko areto nagusian, 18:30).

Abenduak 2, asteazkena:

- Xabier Lete ttiki liburu aurkezpena (udaletxeko areto nagusian, egunean zehar).

- Leteren oihartzuna mahai-ingurua (udaletxeko areto nagusian, 19:00).

 Abenduak 4 (ostirala):

- Xabier Lete XXXIII. Prosa eta Poesia lehiaketako sari banaketa (San Esteban elizan, 17:00).

Abenduak 4, 5 eta 6 (ostiraletik igandera):

- Xabier Leteri buruzko ikus-entzunezkoen emanaldiak (Arizmendi-enean, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00).

Abenduak 5 (larunbata):

- Xabier Leten barrena ibilbide biografikoa (Landetxe plazatik, 10:00).

- Xabier Leteren omenezko ekitaldi instituzionala (Arizmendi-enean, 12:00).

Abenduak 13 (igandea):

- Loreak eta zauriak emanaldia (Elorsoro kiroldegian, 18:00).

Gehigarriak

Xabier Leteren omenez ekimen sorta izango da herrian haren heriotzaren 10. urteurrenaren harira