Oiartzungo ondarea biltzeko webgunea sortu du Udalak

200 fitxako katalogoa osatu da oraingoz

Oiartzungo ondarea biltzeko webgunea osatu eta aurkeztu du Udalak: www.ondarea.oiartzun.eus. Ondare Mahaitik sustatutako proiektua izan da eta helburua "herriko ondarearen euskarri birtuala" izatea da.

Aurreko ostiralean aurkeztu zen webgunea publikoki, Ondarearen Jardunaldiei hasiera emanez. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak azaldu zuenez, "Oiartzunek aspalditik du ondarearekiko sentsibilitatea". Adibide gisa aipatu zituen Oiartzun urtekariak; Mugarri bilduma; herriko hiru museoak; OBIE edota azken urteetan landu diren proiektuak: Iñaki Arbelaitzen artxiboa, Mikel Mendizabalen bideoak digitalizatzea edo Arizmendi-enea etxea berreskuratzea (laster herritarrei irekita egongo da).

2018an, ondarearen inguruko lanketa jarraitua egiten hasi zen Udala. Ordutik, ondoan izan ditu Ondare Mahaia osatu duten norbanako eta eragileetako ordezkariak. "Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da nora goazen jakiteko", gehitu zuen Cousillasek.

Webgune erabilterraza "saltseatzeko" gonbita

www.ondarea.oiartzun.eus-en ondare material eta immaterialen katalogoa jarri da herritarren eskura: momentuz, 200 fitxa inguru ditu. Horrez gain, herriko argazkiak eta bideoak ere badaude. "Ondarearen webgunearen proiektu honek parte-hartzailea izan nahi du. Edozein herritarrek izango du aukera webgunean fitxak gehitu eta osatzeko". Horretarako, ondarearen webgunean bertan harremanetarako gune bat dago.

Alex Roteta, Yurria Errota Kultur Elkarteko eta Ondare Mahaiko kide denak, webgunea osatzen izan duen esperientzia pertsonalaren berri eman zuen. "Aditua izan gabe, webgune interesgarri eta erabilterraza da".

Leire Mitxelena Ondare Mahaiko kideak ere www.ondarea.oiartzun.eus webgunea "erabiltzeko oso erraza" dela azpimarratu zuen eta "gauzak deskubritzeko altxor txiki" gisa deskribatu zuen. "Webgunea saltseatzera" gonbidatu zituen oiartzuar guztiak.

Ondarearen webgunearen aurkezpena borobiltzeko, Olarriko Udane Eskudero eta Mattin Etxebeste dantzariek Maider Zabalegiren abesti baten gainean sortutako pieza bat dantzatu zuten.

Gehigarriak

Oiartzungo ondarea biltzeko webgunea sortu du Udalak