Udalak gaiarekin lotutako ekimenak antolatuko ditu
1936tik gaur arte Oiartzunen izan diren giza eskubideen urraketak ikertuko dira datozen lau urteetan, Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatu duten hitzarmenari esker.
Oiartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoak (EH Bildu eta EAJ) sustatzen ari diren elkarlanaren eta kontsentsuaren bidea urrats berri bat da hau. "Etorkizuneko bizikidetza eraikitze aldera, iraganari begiratu beharra dugula jabetzen gara, giza eskubideen urraketa guztiak azaleta eta bizikidetza oinarri sendoak jartzeko, gertatutakoa berriz ez dagin errepikatu", azaldu du Jexux Leonet alkateak.
Memoria berreskuratzea, "dimentsio humanoa azaleratzeko"
Lanketa hau herriko memoria berreskuratzeko urrats bat gehiago izango da. Azken urteetan, Kattin Txiki Elkarteak 36ko Gerran eta gerra ondorenean herrian izandakoa jaso eta erreparatzeko hasitako bideari jarraipena emango dio lan honek. Bidez batez, Kattin Txikik orain arte egin duen lana aitortu eta eskertu nahi dugu.
Iaz, uztailaren 27an, 1936an errepresaliatuak izan ziren zinegotzi abertzaleak aitortzeko ekitaldia antolatu zuen Udalak. Egun hori mugarria izan zen: "Jabetu ginen egia ezagutzearen eta jasandakoa aitortzearen garrantziaz, senide eta lagunen beharrak asetzen lagundu dezaketela. Esperientzia horrek bide honen garrantziaz eta arduraz jabetzera eraman gaitu", azaldu du Leonetek.
Udaleko bi alderdiek adostu dutenaren arabera, "egia ezagutzeak gatazkak jendearengan duen eragina ezagutzen lagundu gaitzake, giza eskubideen urraketek duten dimentsio humanoa azaleratzen, sufrimendu anitzak ikusarazten eta memoria kolektiboan merezi duten tokia ematen. Korapiloak askatzeko enpatizatzea, elkar ulertzea eta, batez ere, elkar entzun eta aitortzeko ariketa ezinbestekoa da". Hori dela eta, egingo den lanketak, Oiartzunen euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona eta oinerdekoei ez ezik, gizarte guztiari zuzendutakoa izan nahi du, "memoria partekatu" bat eraikitzeko eta "eragindako sufrimenduaren eta minen aitortza eta erreparazioa" egiteko.
Herritarren testigantzak biltzeko beharra
Aranzadik ikerketa garatzen duen bitartean, Udalak gai hauen inguruko hausnarketa eta elkarrizketa ahalbidetuko duten ekitaldiak eta jarduerak gauzatuko ditu. Momentuz, COVID19arengatik bizi dugun osasun-larrialdi egoerarengatik, egitaraurik ez da zehaztu, baina datozen hilabeteetan horien berri emango da.
Udalak herritarren laguntza eta kolaborazioa eskatu nahi du egia osoa ezagutu ahal izateko. Horretarako, oiartzuarrak dauzkaten testigantzak eta informazioa (argazkiak...) Aranzadiko kideei helaraztera animatu nahi ditu Udalak. Horretarako, 943 46 61 42 telefonoa eta memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa jarri dituzte herritarren eskura.
Bi garai aztertuko ditu Aranzadik: memoria historikoa eta gertuko memoria
Aranzadi Zientzia Elkartea izango da ikerketa gauzatuko duena, metodo zientifikoak erabiliz. "Giza eskubideei dagokienez, biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea", azaldu du Javier Buces, Arazandi Zientzia Elkarteko kideak. "Oiartzunek egin duen apustua azpimarratu nahi dut, desberdintasun ideologikoen gainetik gertatutakoaren errealitatera era inpartzialean heltzeko".
Ikerketak bi esparru bereiziko ditu: memoria historikoa eta gertuko memoria. Lehenengo esparruan, 1936-1959 artean gertatutakoa ikertuko da, 36ko Gerraren eta diktadura frankistaren lehenengo bi hamarkadetako biktimak azaleratzeko asmoz. Bigarren epealdia 1960tik gaur egun artekoa izango da, "garai politiko ezberdinetan gertatutako giza eskubideen urraketak biltzeko: diktadura, trantsizioa eta demokrazia".
Bi ikerketak aldi berean gauzatuko dira. Horretarako, hainbat artxibotan ikertuko du Aranzadik. Hala ere, "memoria historikoaren gaiari dagokionez, lana oso aurreratua dago Oiartzunen, Kattin Txikiri esker. Beraien lana ezinbestekoa izango da garai horretako errepresaliatuak giza eskubideen urraketen kategorian sailkatzeko".
Oiartzun, ikerketa hau egingo duen bosgarren herria
"Badakigu oso gertakari eta sufrimendu berriak daudela", azaldu du Buces, Aranzadiko kideak, eta horregatik, testigantzen "konfidentzialtasuna" bermatuko dute. Momentuaren garrantzia ere azpimarratu du Aranzadik: "Garrantzitsua da herritarren informazioa eta testigantzak berandu baino lehen jasotzea, orain jasotzen ez dena ez baita existituko etorkizunean".
Oiartzun, Euskal Herrian bosgarren herria izango da bi garai historikoetan izandako giza eskubideen urraketak ikertuko dituena (Orio, Hernani, Azpeitia eta Tolosarekin batera). "Oiartzuarrek oso modu positiboan baloratu behar lukete beren udalbatza memoria historikoaren arloan egiten ari dena".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika