Auzo batzarren balorazio positiboa egin dute bertaratu diren herritarrek

Parte-hartzaile kopurua jaitsi egin da COVID19arengatik

Aste honetan auzo batzarrak egin ditu Udalak, 2020ko egoeraren berri eman, 2021eko aurrekontuen proposamena aurkeztu eta auzoen inguruan zuzenean aritzeko herritarrekin. Hori dela eta, balorazio sakonagoa egin aurretik, lehenengo datuen berri eman nahi du Udalak. Garrantzitsua da Gobernu Taldearentzako parte hartu duten auzotarren balorazioak onak izan direla.

Aurten batzarretan jende gutxiagok hartu du parte. COVID19 osasun larrialdiarengatik izan dela uste du Udalak, nahiz eta osasun-segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu diren. 51-65 adin-tarteko parte-hartzaileen kopurua mantendu da: helduagoen eta gazteagoen kopurua da jaitsi dena. Parte-hartzaileen %47,43 emakumeak izan dira eta %52,57 gizonezkoak.

Aldaketa nabarmenetako bat Altzibar, Arragua, Iturriotz eta Ugaldetxoko auzo batzarrak auzoan beharrean, udaletxeko areto nagusian egitea izan da. Jendeak ez du gaizki baloratu aldaketa, arrazoia ulertu baitute. Hala ere, aukera dagoenean berriz auzo batzar bakoitza dagokion auzoan egitea da Udalaren asmoa. 

Auzo guztietan gehien errepikatu diren kezkak eta kexak arau-hausteen ingurukoak izan dira: ibilgailuen abiadura handia; txakur-kakak ez jasotzea; zikinkeria... Alegia, herritarren esku dauden bizikidetza neurriak. 

Aste honetako auzo batzarretako akta guztiak daude www.oiartzun.eus webgunean argitaratuta. 

Gehigarriak

Auzo batzarren balorazio positiboa egin dute bertaratu diren herritarrek