Auzo batzarrak egingo ditu aurten ere Udalak, osasun neurri bereziak hartuta

Aldez aurretik tokia erreserbatzea gomendatzen da

COVID19ak eragindako osasun-larrialdi egoera dela eta egokituta bada ere, auzo batzarrak egingo ditu Udalak urriaren 5etik 8ra.

Jende pilaketak saihesteko, aforo mugatuak izango dira aurten eta auzoetan daudenak baino espazio egokiagoak izateko, auzo batzuetako bilerak udaletxeko areto nagusian egingo dira (Altzibar, Arragua, Iturriotz eta Ugaldetxo). Beste auzoetak bilerak (Elizalde, Ergoien, Gurutze eta Karrika), ohiko tokietan egingo dira.

Herriaren egoeraren errepasoa eta aurrera begirakoak

Urtero bezala, Udalak urteko errepasoa eta udalaren egoera aurrez aurre azaltzeko eta egon daitezkeen zalantzak argitzeko baliatuko ditu auzo batzarrak.

Horiez gain, 2021eko aurrekontuaren behin-behineko proposamena aurkeztuko zaie herritarrei.

Azkenik, auzo bakoitzaren egoeraren errepasoa egingo da: orain arte egindakoak eta egon litezkeen ekarpenak ere jasotzeko baliatuko dira bilerak.

COVID19 gaixotasunak eragin zuzena izan du udalgintzan eta Udalaren egoera ekonomikoan zein jardunean ere, eta horren berri ere emango da.

Aldez aurretik tokia erreserbatzea gomendatzen da

Aforo mugak direla eta, aldez aurretik auzo batzarrerako tokia erreserbatzea gomendatzen du Udalak. Adibidez, udaletxeko areto nagusian 40 lagunentzako tokia izango da.

Tokia aurretik erreserbatzen dutenek lehentasuna izango dute auzo batzarrean sartzeko. Bestela, aforoa bete arte sartzeko aukera izango da (erreserba kopurua aforoa baino altuagoa balitz, Udalak auzo batzar gehiago egitea planteatuko luke). Tokiaren erreserba egiteko ekarpenak@oiartzun.eus helbidera idatzi edo 943 49 18 62 telefonora deitu beharko da.

Osasun-segurtasun neurriak errespetatu beharko dira. Horretarako, auzo batzar guztietan gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu, segurtasun distantzia mantendu eta musukoa jantzita izan beharko da.

Xorrola, herrigunera etortzeko garraio zerbitzua

Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxoko auzotarrei gogora ekarri nahi diegu euren auzoak herrigunearekin lotzen dituen Xorrola herri barruko autobus zerbitzua erabili dezaketela auzo batzarretara hurbiltzeko.

Ordutegi hauetan hartu dezakete Xorrola auzo bakoitzean: Arraguan 18:40an; Ugaldetxon 18:45ean (Juansendo) eta 18:46an (Intxixu parean); Iturriotzen, 18:48an (Ibarre) eta 18:49an (Bidezarra kalea); eta Altzibarren, 18:50ean (Peñene) eta 18:51n (Kale Berria).

AUZO BATZARREN EGUTEGIA:

Bilera guztiak 19:00etan izango dira.

Urriak 5, astelehena:

ERGOIEN (Auzokalte elkartean)

UGALDETXO (udaletxeko areto nagusian)

Urriak 6, asteartea:

ALTZIBAR (udaletxeko areto nagusian)

ELIZALDE (Manuel Lekuona bibliotekan)

Urriak 7, asteazkena:

ITURRIOTZ (udaletxeko areto nagusian)

KARRIKA (Artaso elkartean)

Urriak 8, osteguna:

ARRAGUA (udaletxeko areto nagusian)

GURUTZE (Bizardia elkartean)

Auzo batzarrei buruzko informazio guztia eta eguneratua, hemen.

Gehigarriak

Auzo batzarrak egingo ditu aurten ere Udalak, osasun neurri bereziak hartuta