Lesakako Auzoberrin egin nahi duten parke eolikoari alegazioa sartuko dio Oiartzungo Udalak

AHTren Oiartzungo trazatuaren kontrako txostena prestatu du Udalak

Uztaileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Lesakako Auzoberri-Endara eremuan Nafarroako Gobernuak garatu nahi duen parke eolikoaren kontra Oiartzungo Udalak prestatu duen alegazioa ahobatez onartuz hasi zen saioa.

"Parkeak Nafarroatik kanpo mugakide diren herrietan zein inpaktu izango duen ez dute neurtu". Aiako Harria Parke Naturalaren muga-mugan egin nahi dute parkea, "Aiako Harria Parke Naturalaren kontserbazio bereziko eremu baliotsuenen ondoan".

Oiartzungo ingurumenean eta sozioekonomian zuzenean izango lituzkeen ondorioak aztertu ditu Udalak. Jexux Leonet alkateak adierazi zuenez, "oso lan sakona egin da alegazioa prestatzeko. Ulertzen dugu proiektuaren inpaktua negatiboa izango dela Oiartzunentzako eta Aiako Harriarentzat".

Plenoan izan ziren zenbait herritar, baita Endara Bizirik plataformako zenbait kide. Udalbatzarra bukatutakoan hauek "eskerrak" eman zituzten, "txosten sendoa prestatzeagatik eta zuen laguntzarengatik".

AHTren Oiartzungo trazatuaren kontrako txostena onartu da

AHTren Astigarraga-Lezo trazatuaren kontrako txostena ere onartu zen, EH Bilduko Gobernu Taldeak babestuta (EAJ abstenitu egin zen). HIrigintza, ingurumena eta sozioekonomiaren arloko arrazoiak izan ditu Udalak horretarako.

Besteak beste, Astigarraga-Lezo trazatuaren Oiartzungo zatian Tajo enpresa (90 lagunek egiten dute lan han) eraistea aurreikusten du, jendea bizi den eremuetatik oso gertu planteatzen da eta nekazaritza zein abeltzaintzarako diren lurrak ere hondatuko lituzke.

Leonet alkatea kexu azaldu zen "azken txostena prestatzeko oso epe laburra utzi digutelako. Herritar eta erakundeen parte-hartzea zaildu du horrek".

Ondoren, Orain Ardura plataformak AHT eraikitzeko aurreikusitako dirua "oinarrizko zerbitzuetara" bideratzeko eskatzen duen mozioa landu zen, "are gehiago COVID19arengatik bizi dugun egoeran". EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziaren arabera, "aurreko gaian azaldu dugunez, AHTk Oiartzunen izango lukeen inpaktuarengatik". EAJk mozioaren kontra bozkatu zuen, Janire Mitxelenak azaldu zuenez, "Euskadik garatzen jarraitzeko apustuak ezin direlako alde batera utzi".

Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka konpontzearen alde, mozioa

Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka konpontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari langile eta patronalaren arteko mahaia osatzeko eskatzen dion mozioa ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. "Duela hilabete batzuk langileek gaia ekarri zuten plenora, eta orduan bezala, bat egiten dugu orain ere. Uste dugu beharrezkoa dela lan gatazka hau bideratzea".

EAJ abstenitu egin zen, aurreko aldian kontra bozkatu bazuen ere. Rafael Bergaretxek azaldu zuen aldaketaren arrazoia: "Mozio honek tonu eraikitzaileagoa dauka".

Ordezko bake epailearen izendapena

Ordezko bake epailea izendatu zuen udalbatzarrak ahobatez. Enara Odriozola izango da.

ELI2 eremuko lurren kalifikazioaren inguruan Orio-Txoko Txiki enpresak eta Udalak zuten auziaren inguruan Euskadiko Auzitegi Nagusiak eman duen sententziaren berri eman zen. Udalak 91.697,21 €ko kalteordaina eman beharko dio Orio-Txoko Txikiri, landa lur gisa kalifikatzeagatik haren jabetzako eremu bat.

Aristegi etxearen eta Aldabe-enearen arteko herribideen mugaketa ere onartu zen, ahobatez. Mugaketa publikoa hilaren 15ean egin zen, eta Aldabe-eneako jabeek desadostasuna adierazi bazuten ere, herribidearen mugak zehaztuta geratu dira.

Uztaileko protokolo gastua, 84,90 euro

Euskara arloko dirulaguntzen deialdia (euskaltegi ofizialetan euskara ikasteko, UEUko ikasleentzat...) ere onartu zen ahobatez.

Ibargain Musika Eskolari eman beharreko dirulaguntza ere onartu zen, ahobatez: 2019/2020 ikasturteko azken hiruhilekoko laguntza (9.718 €) eta 2020/2021 ikasturteko aurrerapena (39.436 €).

Uztaileko protokolo gastua 84,90 € izan da.

Gehigarriak

Lesakako Auzoberrin egin nahi duten parke eolikoari alegazioa sartuko dio Oiartzungo Udalak