Oialeku inguruko kultura-paisaiak ezagutzeko txangoa, larunbatean

Mairubaratzeak, saroiak, zuhaitz lepatuak, leku izenak... azalduko ditu Luis Mari Zalduak

Aiako Harriko natura parkeko paisaia zirraragarriak dira. Edertasunaz gainera, badute, ordea, beste ezaugarri aipagarri bat: ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezinaren berri ematen digute. Hain zuzen, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko  harremanak denboraren buruan paisaia gizatiartuak sortu ditu, kultura-paisaiak alegia.

Oieleku ingurua, Oiartzungo beste parte asko bezala, kultura-paisaia baten adibide garbi-garbia da. Lehenik eta behin, mendiko larreak ditugu, alderdi horretan abeltzaintzak izan zuen eta oraindik duen garrantziaren adierazle. Belardietan zenbait mairu-baratze ikus daitezke. Esan beharra dago Burdin Aroan eraikitako harrizko biribil horiek arrunki hilobitzat hartzen badira ere, egiazki ez direla hilobiak, oroitarriak baizik.

Cromlechen ondoan saroiak egoten dira sarritan, eta Oieleku ingurua ez da salbuespena. Saroiak zilegimendietan larratzeko eskubideak ziren jatorriz, denborarekin jabetza bihurtu badira ere. Eguzkiz eguzkiko larratze ereduarekin lotuak daude eta Erdi Aroaz geroztik forma biribila dute.

Zuhaitz lepatuak, su-egurra izateko eta, batez ere burdinolen egun hornidura bermatzeko gizakiak eraldatutako zuhaitzak dira. Egun, iraganeko jardueren aztarna ez ezik, bioaniztasunaren gordailu apartekoa dira.

Leku izenak, azkenik, kultura-paisaiak ulertzeko baliabidea paregabea dira. Izan ere lurra, edo nahiago bada, izadia, liburu mamitsua bada, tokien izenak liburu horren aurkibidea dira.

Oieleku inguruaz gozatzeko eta han dagoen ondarea hobeki ulertzen laguntzeko, uztailaren 11n (larunbata) Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak irteera antolatu du Luis Mari Zaldua Etxaberen eskutik.

Ibilbidea laburra da (2 kilometrokoa guztira, joan-etorria) eta nornahik egiteko modukoa, ez baitu inolako zailtasunik. Hala ere, komeni da oinetako erosoak eramatea. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren azalpenen laguntzarekin kultura-paisaietan murgiltzea baizik (euskaraz). Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Goizeko 10etan hasiko da Kausoko aparkalekutik eta 13:00etan amaituko da toki berean. Partaideek 12 urte baino gehiago izan behar dituzte eta prezioa 5 €koa da pertsona bakoitzeko. Esan gabe doa COVID19aren kutsadurak ekiditeko neurriak hartuko direla eta musukoa eraman beharra dagoela.

Informazio gehiago:

Telefonoa: 943 49 50 69/688 89 50 68

E-maila: arditurri@gipuzkoanatura.eus

Gehigarriak

Oialeku inguruko kultura-paisaiak ezagutzeko txangoa, larunbatean