COVID19ak azken hilabeteetako martxan eragin zuzena izan du
Gaur urtebete bete da 2019/2023 legegintzaldia hasi zenetik. Hori dela eta, Udaleko Gobernu Taldeak urtebete honen balantzea partekatu nahi du herritarrekin. Urte berezia izan da, hein handi batean azkeneko hilabeteetan ustekabean gure bizitzak hankaz goiti jarri dituen COVID19arengatik, baina bestela, Oiartzungo Udalak martxa politean abiatu du legegintzaldi berria.
Legegintzaldi honetan udalbatzarra handitu da: 13 zinegotzitik 17 izatera pasatu gara, Oiartzungo biztanleria handitu delako. talde handiagoa du Udalak, beraz, herritarren zerbitzura lan egiteko.
Gobernu Taldea 12 zinegotzik osatzen dugu. Talde berri hau lehenengo urratsak ematen hasi ginen iazko ekainean: zinegotzi batzuk aurreko legegintzaldian ere, 2015-2019koan, udal jardunean arituak ginen eta beste batzuk berriak ziren. Esperientziaren eta haize freskoaren arteko oreko lortu dugu lantaldean. Orain, Udala barrutik ezagutzearen ikasketa prozesua eginda, esan dezakegu taldea martxan dagoela eta zinegotzi bakoitzak bere gaiaren ardura erabatekoa hartua duela.
Proiektu garrantzitsuak martxan jarri dira
Ikasturte honetan proiektu garrantzitsuak gauzatzeko bidean jarri ditugu: Mendiburu 14n erabilera anitzeko udal eraikina egiteko lanak martxan daude; Arizmendi-enearen berritze eta berreskuratzea gauzatzen; ondarearen inguruko lanketa; industria poligonoen biziberritzea; Gizarte Zerbitzuen egokitzapena...
Baina, agendan ez genuen konplikazio bat iritsi zaigu 2020an: COVID19a. Onartu behar dugu azken hilabeteak bereziak ari direla izaten udalgintzan, ezagutzen ez genuen errealitate batera eraman baikaitu gaixotasun berri honek eta egoera berrira egokitzen ari gara etengabe.
Osasun krisi honek udaletxeko martxan eta funtzionamenduan aldaketa batzuk egitera behartu gaitu. Lehentasuna herritarrak erdigunean jartzea izan da eta behar sanitarioak erantzutea. Horregatik, Gizarte Zerbitzuak indartu ditugu, erantzun azkarra emateko sortu diren egoera zailei.
Ildo estrategikoak mantentzea, erronka
Egoera berezia dela onartuta eta honek ondorioak izango dituela dakigun arren, Udalaren ildo estrategikoak mantentzea da gure lehentasuna. Ahal diren proiektuei eutsi egingo diegu: hasita dauden guztiekin aurrera egingo dugu, baina epe motz edo ertainean gauzatu nahi genituen beste proiektu batzuk atzeratu egin beharko ditugu, ezinbestean.
Izan ere, COVID19aren ondorio zuzenetako bat eragin ekonomikoa izango da. Udala hasia da datorren krisi ekonomikoa aurreikusten: diru-sarrerak gutxituko direla badakigu (Gipuzkoako Foru Aldunditik bertatik jasotzen den Fondo Forala %20 murriztuko da, esaterako). Horregatik, momentu honetan Udalean dugun egiteko nagusienetako bat 2020ko aurrekontua egokitzea da.
Hala ere, legegintzaldi osoan herritarren ongizatea erdigunean jarrita lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du Gobernu Talde honek.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika